Mundua -
Gaza erasopean
NBEren Batzar Nagusiak Gazan berehalako su etena ezartzea eskatu du, gehiengo zabalez
Duela 15 egun eztabaidatutakoak baino babes gehiago izan du adierazpenak (153 aldeko boto izan dira oraingoan; aurrekoan, 120). "Gazako Zerrendaren egoera humanitario katastrofikoaren" aurrean menia ezartzea eta Hamasek bahitutakoak baldintza gabe eskatzea galdegin du.
Agentziak | EITB Media
Gazan su etena ezartzearen aldeko aldarria egin du, beste behin, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Batzar Nagusiak, aurrekoetan baino babes zabalagoarekin egin ere. 153 kidek babestu dute ekimena, 23k zuri bozkatu dute eta 10ek, kontra. Azaroaren 28an antzeko adierazpena onartu zuen NBEk, baina oraingoan aldeko boto gehiago izan dira (120 aldeko boto izan ziren orduko hartan).
AEBk eta Israelek ez ezik, Europako zenbait herrialdek (Austria eta Txekiar Errepublika), Pazifikoko herrialde txiki batzuek eta Guatemalak eta Paraguaik ere bozkatu dute kontra. Abstentzionisten artean egon dira nobedadeak: Argentinak, lehen aldiz, zuri bozkatu du, Italiak, Alemaniak eta Ukrainak bezala.
Lotesleak ez diren arren, NBEren Batzar Nagusiaren adierazpenek indar politiko nabarmena dute.
Adostutakoa "gutxienekoen" testua da. Su etena "berehala" ezartzeko galde egin du, "Gazako Zerrendaren egoera humanitario katastrofikoaren eta Palestinako biztanleen sufrimendua tarteko". Horrekin batera, Hamasek bahituta dituen pertsonak baldintzarik gabe askatzea eskatu du.
AEBk eta Israelek lehengo lepotik burua: su eten batek Hamasi egingo liokeela mesede, eta Batzar Nagusia "partziala" dela argudiatu dute.
Arabiarrek eta islamiarrek eskatuta egin dute bozketa, AEBk Segurtasun Batzordean betoaren ostean (araudiaren arabera, adierazpen bat blokeatzen den bakoitzean egin daiteke eztabaida Batzar Nagusian, baldin eta bi kidek eskatzen badute)
Ohikoa ez bada ere, Dennis Francis Batzar Nagusiko presidenteak hitza hartu du eztabaida hasi baino lehen: "Zenbat milaka bizi galdu behar dira guk zerbait egiteko? Ez dago denborarik. Sarraskia geldiarazi behar dugu. Nik ere ozen eskatzen dut berehalako su etena".