Mundua -
GAZA ERASOPEAN
Gaza iparraldeko ospitale bati eraso egitea leporatu dio Osasun Ministerioak Israeli
Halaber, osasun langileak jasaten ari diren atxiloketak eta kontrolak salatu ditu Munduko Osasun Erakundeak. Bestalde, NBEko Batzar Orokorrak ebazpena onartuko du astearte honetan, Gazan beheralako su-etena eskatuz.
AGENTZIAK | EITB Media
Erasoek ez dute etenik Gazan, eta zerrendaren iparraldean dagoen Kamal Aduan ospitaleari eraso egin izana egotzi dio Gazako Osasun Ministerioak Israeli. Testuinguru horretan, barruan daudenak babesteko neurriak hartzeko eskatu dio Nazio Batuen Erakundeari.
Osasun Ministerioko bozeramaile baten arabera, Israelgo indarrak "hainbat egunez" aritu dira ospitalea setiatzen eta erasotzen, eta orain gizonak (tartean, ospitaleko langileak), patioaren inguruan bildu dituzte. Are gehiago, aipaturiko iturriak uste du atxilotu edo hil egin ditzaketela.
Israelek behin eta berriro azpimarratu du Hamaseko kideak ospitaleetan ezkutatzen direla, alegia, teorian Nazioarteko Zuzenbideak babesten dituen tokietan.
Bestalde, osasun langileak jasaten ari diren atxiloketak eta kontrolak salatu ditu Munduko Osasun Erakundeak. Azaldu duenez, berriki gaixo larriak ebakuatzeko misio batean parte hartzen ari ziren medikuak atxilotu egin zituzten.
Bi atxilotuetako bat handik gutxira askatu zuten; bestea, ez. Ondorioz, misioan parte hartu zuten gainerako kideek aurrera egin zuten. Bigarren atxilotua ordu batzuk geroago askatu zuten. Hainbat kilometro egin behar izan zituen oinez, eskuak bizkarrean lotuta zituela, eta ondoren kideei azaldu zien mehatxuak eta tratu txarrak jasan zituela.
Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorra
Ezustekorik ezean, Nazio Batuen Erakundeko Batzar Orokorrak ebazpena onartuko du gaur iluntzean (Euskal Herrian 21:00ak direnean), Gazan berehalako su-etena eskatuz.
Batzar Orokorrean 193 herrialde daude ordezkatuta, eta inork ez du beto eskubiderik. Gauzak horrela, 20 herrialdek mahai gainean jarritako su-eten eskariak aurrera egitea espero da. Dena den, ez du balio loteslerik.
Iragan ostiralean egin zen Segurtasun Kontseiluren bileran, AEBk beto eskubidea baliatu eta blokeatu egin zuen Gazan berehalako su-etena eskatzeko Nazio Batuen ebazpena.