Mundua -

GAZA, ERASOPEAN

Laguntza humanitarioa Gazara trabarik gabe sartzen uzteko eskatu dio Munduko Osasun Erakundeak Israeli

34 herrialdek, AEB eta Txina tartean, mozioa onartu dute igande honetan, Gazako osasun-egoera "katastrofikoa" arintze aldera. Dena dela, Tedros Adhanom Ghebreyesus zuzendari nagusiak onartu du "ia ezinezkoa" dela baldintzak hobetzea.

Medikuen protesta Istanbulen, Turkian, Gazako sarraskiaren kontra. Argazkia: EFE
Medikuen protesta Istanbulen, Turkian, Gazako sarraskiaren kontra. Argazkia: EFE
Medikuen protesta Istanbulen, Turkian, Gazako sarraskiaren kontra. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Munduko Osasun Erakundearen (MOE) Batzorde Exekutiboak ebazpena onartu du abenduaren 10 honetan, Gazako Zerrendako "egoera humanitario katastrofikoa" arintzeko helburuz. Hala, 34 herrialdek osatzen duten batzordeak, AEB eta Txina tartean, Israeli eskatu dio Gazara osasun-langileak "modu iraunkorrean, ordenatuan, seguruan eta oztoporik gabe igarotzea" ahalbidetzeko.

Ebazpena aho batez onartu dute lurralde palestinarren osasun egoerari buruzko ezohiko bilkuran.

"Estatu kideek beste foro batzuetan lortu ez duten zerbait lortu dugu, duela bi hilabete gatazka hasi zenetik adostasunez hartutako lehen ebazpena", adierazi du ezohiko bileraren amaieran Tedros Adhanom Ghebreyesus MOEko zuzendari nagusiak.

Akordioak, halaber, anbulantziei pasatzen uzteko eta zaurituta zein egoera kritikoan dauden pazienteak ebakuatzen uzteko eskatzen du, baita "osasun-langile eta langile-humanitario guztiekiko errespetua eta babesa bermatzea" ere, urritik Zisjordanian eta Gazan 500 eraso baino gehiago izan direla salatu ondoren.

Era berean, Israelek, potentzia okupatzaile gisa, "lurralde palestinar okupatuan dauden pertsona guztien osasunerako eskubidea errespetatu behar du", ebazpenaren arabera, eta horrek berarekin dakar mugarik gabeko sorospen humanitarioa erraztea eta Gazatik kanpo tratamendua behar duten pazienteei irtetzeko baimenak ematea.

Ebazpenak, bestalde, MOEri eskatzen dio urgentziaz dei dezala emaileen konferentzia bat 2024ko Osasunaren Mundu Batzarraren aurretik, lurralde palestinarren osasun-beharrak finantzatzeko eta kaltetutako osasun-arretako sistema berreraikitzeko.

Israelen kritikak

Ebazpena onartu bezain pronto, Israelgo diplomaziak ebazpena kritikatu du, eta ohar batean adierazi du "munduak terroristei mezua" bidaltzen diela, "beste alde batera begiratuko duela terroristek haurrak eta emakume errugabeak bahitzen badituzte nahiz herritarrak eta ospitaleak giza ezkutu gisa erabiltzen badituzte ere".

MOEren ebazpena "nazioarteko komunitatearen erabateko porrot morala" dela gaineratu du Israelek Genevan duen enbaxadore Meirav Eilon Shaharrek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Giza eskubideak albisteak Munduko Osasun Erakundea Ekialde Hurbileko albisteak