Mundua -
Kargu-hartzea
Javier Mileik Argentinako presidente karguaren zina egin du
Mileik "Jainkoagatik eta aberriagatik” egin du Argentinako presidente karguaren zina, “ebanjelio santuaren gainean", Kongresuan, Buenos Airesen.
Agentziak | EITB Media
Javier Mileik "Jainkoagatik eta aberriagatik" egin du Argentinako presidente karguaren zina, "ebanjelio santuaren gainean", Kongresuan, Buenos Airesen.
"Argentina, Argentina!" oihu artean, Mileik eta Victoria Villarruel presidenteordeak Argentinako Estatuarekiko leialtasuna aldarrikatu dute Alberto Fernandez eta Cristina Kirchner aurreko agintarien aurrean.
Ondoren, orain arte presidente izan den Alberto Fernandezen eskutik jaso ditu presidentearen banda eta makila, eta hark bostekoa eman eta hitz batzuk esan ondoren, aretotik atera da.
Mileik karguaren zina egin ostean, Victoria Villarruel presidenteordeak egin du, eta Cristina Fernandezek bere ondorengoaren esku utzi du Batzar Legegilea.
Ganberako kideen aurrean ez du hitz egin Mileik, baina Villaruel presidenteordeak esker oneko hitzak egin ditu bertan haren izenean.
"Gure bihotzetan betiko geratuko den unea da hau, eta eskerrak eman nahi dizkizuegu munduko herrialde eta probintzia guztietatik etorrita eman diguzuen babesagatik", esan du Villarruelek, 2023-2027 aldirako Goi Ganberako arduradun izango denak. Hala amaitu da hamar minutu eskas iraun duen saioa.
Karguaren zina egin aurretik, Bisita Entzutetsuen Liburua sinatu dute biek. Bertan, bakoitzaren errubrikaz gain, Mileik bere lelo ospetsua idatzi du: "Viva la libertad, carajo" (Gora askatasuna, arraioa!). Villarruelek honakoa gehitu du: "Todo por Argentina" (Dena Argentinaren alde).
Kongresuaren barruan, zeremoniara gonbidatutako nazioarteko ordezkarien ordezkaritza zabala egon da.
Milei: "Aro berri bat hasi da"
Inbestiduraren osteko hitzaldian, Javier Mileik iragarri du doikuntza fiskala egingo dutela eta Argentinako jaulkipen monetarioarekin amaituko duela. Javier Milei Argentinako presidenteak gaur iragarritako plan ekonomikoaren barruan dauden neurrietako batzuk dira horiek.
Mileik iragarri du estanflazioa "Argentina berreraikitzeko azken trantze latza" izango dela. "Gaur aro berri bat hasi da", azpimarratu du.
Hitzaldian, bere herrialdeko azken hauteskundeak Berlingo harresiaren erorketak izan zuen eraginarekin alderatu du Argentinako presidente berriak.