Mundua -
GAZA, ERASOPEAN
AEBk berriz ere blokeatu du Gazan berehalako su-etena eskatzeko Nazio Batuen ebazpena
"Gazako herritarrak amildegiaren aurrean daude", adierazi dio gaur Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundearen (NBE) idazkari nagusiak Segurtasun Kontseiluari, Gazako gerra amaitzeko eskaria egiteko deitu duen saio berezian. 17.000 palestinar eta 1.000 israeldar baino gehiago hil dituzte.
agentziak | eitb media
AEBk berriz ere blokeatu du Gazan berehalako su-etena eskatzeko Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluan aurkeztutako ebazpena. Arabiar Emirerri Batuek aurkeztu dute eskaera, eta 24 orduan 97 herrialde kidek babestu dute.
Kontseiluko 13 kidek egin dute eskaeraren alde. Erresuma Batua abstenitu egin da.
Gazan gerra hasi zenetik bigarren aldiz blokeatu du AEBk horrelako ebazpen bat. Aurrekoa urriaren 18an blokeatu zuen, Israelekin bat eginez.
Bozketa egin baino lehen, Robert Wood AEBk Nazio Batuen Erakundean duen enbaxadore laguntzaileak aurreratu du ez duela Guterresen ekimena babestuko. "Su-eten batek gerrarekin amaituko luke gaur, baina gatazkak jarraituko luke", esan du.
AEBko ordezkariak deitoratu egin du Hamasen "erasoak gaitzesteko orduan Kontseiluak porrot egin izana", eta "ganberaren eta errealitatearen arteko deskonexioa" azpimarratu du.
"AEBk bake iraunkorra babesten badu ere, ez dugu berehalako su-etenerako deia babestuko, Hamas ez baita ez bake iraunkor baten ez bi estaturen konponbide baten bila ari", adierazi du Woodek.
Horrela, AEBk hoztu egin du Segurtasun Kontseiluak su-etenerako deia egiteko itxaropena.
Iturri diplomatikoek Bloombergi azaldu diotenez, bozketa 23:30era atzeratu dute, AEB konbentzitzeko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkor gisa beto eskubidea erabil ez dezan.
Ekiteko unea dela esan du Guterresek
"Gazako herritarrak amildegiaren aurrean daude", adierazi dio gaur Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundearen (NBE) idazkari nagusiak Segurtasun Kontseiluari, Gazako gerra amaitzeko eskaria egiteko deitu duen saio berezian. 17.000 palestinar eta 1.000 israeldar baino gehiago hil dituzte jada gatazka gogortu zenetik.
"Munduaren begiak, eta Historiarenak, begira ditugu. Ekiteko unea da", berretsi du Guterresek, su-etenaren inguruko ebazpen baten onarpena AEBren oztopoengatik kolokan jarri ostean.
"Nazioarteko lege humanitarioa ezin da modu selektiboan aplikatu. Loteslea da denentzat, une oro, eta betebeharra ez da aldebikotasunaren araberakoa", gogorarazi du NBEren gutunaren 99. artikulua baliatuta deitu duen saioan. Segurtasun mehatxu larria dagoenean du NBEren idazkari nagusiak aparteko saioa deitzeko eskumena.
Hamasek "gerra legeak urratu" izanak "ez ditu Israelek egindako urraketak barkatzen", berretsi du.
Gazako egoeran "ordena publikoaren kolapsoa gerta daiteke, eta denborak aurrera egin ahala, ondorioak are larriagoak izan daitezke eskualde osoan, masen lekualdaketa dela medio", ohartarazi du.
Guterresen hitzetan, etxebizitzen % 60 suntsituta edo kaltetuta daude, eta horrek Gazako herritarren % 85 lekualdatzea eragin du: "Gazako herritarrei lekualdatzeko agindua ematen diete, animaliak balira bezala, leku batetik bestera, geroz eta estuago, bizirauteko oinarrizko beharrak asetzeko gai izan gabe".
Gazako suntsipenaren datu batzuk ere jarri ditu mahai gainean: 339 eskola, 26 ospitale, 56 osasun zentro, 88 meskita eta 3 eliza suntsitu dituzte "lurretik, itsasotik eta airetik egindako erasoen ondorioz".