Mundua -
Bilera
Harreman komertzial orekatuagoak izatea adostu dute Txinak eta EBk
Von der Leyenen esanetan, "ona eta zintzoa" izan da Txinako presidente Xi Jinpingekin izandako bilera. Halaber, azpimarratu du Txina eta EBren arteko harremanak kudeatzea dela bere lehentasunetako bat.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen eta Europar Batasuneko Kontseiluko buru Charles Michelek bilera egin dute gaur txinatar presidente Xi Jinpingekin. Batzar horretan adostu dute bi aldeen arteko balantze komertzial eta ekonomikoa orekatuagoa izatea.
Sare sozialen bidez, Von der Leyenek esan du "ona eta zintzoa" izan dela bilera, eta ziurtatu, Txina eta EBren arteko harremanak kudeatzea dela bere lehentasunetako bat.
"Txinak eta EBk, biek ala biek, interes bera dute: harreman egonkor eta konstruktiboa eratzea. Hartara, EB lankidetzan dabil Txinarekin, gardentasuna, aurreikuspena eta elkarrekikotasuna oinarri hartuta. Horretarako, gure harreman komertzial eta ekonomikoa orekatuagoa izatea behar dugu", argitaratu du Michelek X sare sozialean duen kontuan.
Zentzu horretan, bake eta egonkortasun premian egin du azpimarra, bai Europaren eta baita mundu osoaren ongizaterako ere.