Mundua -
GAZA, ERASOPEAN
Gazako operazioa beste bi hilabetez luzatuko dela uste du Israelgo Defentsa ministroak
ABC telebista kate estatubatuarrari emandako adierazpenetan, Gallantek esan du Hamasek "bi aukera" dituela: "tuneletan edo gainazalean hiltzea ala baldintzarik gabe amore ematea".
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak adierazi duenez, Gazako Zerrendan Hamasekin behin betirako amaitzeko abiatutako operazio militarrak gaur egungo erritmoan jarraitzen badu, beste bi hilabetez luzatuko da, gutxienez, oldarraldi militarra.
Ameriketako Estatu Batuetako ABC albiste katean egin dituen adierazpenetan, Gallantek gaineratu du erasoaldi militarra amaitu ondoren, Israelen hurrengo hilabeteetako lana "ingurua garbitzea" eta "erresistentzia armatua egon daitekeen azken guneak ezabatzea" izango dela.
Hamasekin negoziazioei berriro ekiteko aukera bakarra milizia palestinarrak "jatorrizko akordioa betetzea" eta "oraindik bahituta dituen emakumeak eta haurrak askatzea" dela ere esan du.
"Hamasekin indarra erabiltzea beste aukerarik ez dago. Azkenean, zerbait emango dizute ", adierazi du Gallantek. Era berean, milizia palestinarrak "bi aukera" dituela ere nabarmendu du: "tuneletan edo gainazalean hiltzea ala baldintzarik gabe amore ematea".
Azkenik, Israelgo Defentsa ministroak jakinarazi du euren helburu nagusia Yahye Sinwar Hamaseko buruzagia hiltzea eta haren aginte-katea "haustea" dela, "Israelen aurkako eraso antolatuak" inoiz gehiago gerta ez daitezen.
Hamasek, berriz, ukatu egiten du Israelek dioen bezala, emakumeak eta haurrak bahitu gisa izatea oraindik. "Okupazioak behin eta berriz dio oraindik ere emakumeak eta haurrak ditugula, baina denak entregatu ditugu. Gazan geratzen diren presoak okupazio armadan egon diren soldadu eta zibilak dira, gizonezkoak denak", adierazi du.
Israelgo agintarien arabera, Hamasek 132 lagun dauzka oraindik bizirik bahituta, tartean Ariel eta Kfir Bibas anaiak (4 urtekoa eta 10 hilabetekoa, hurrenez hurren). Shiri Silverman Bibas amarekin (argentinar jatorrikoa) eta Yarden Bibas aitarekin batera bahitu zituzten.
Israelgo Armadako kide Daniel Hagarik atzo gauean esan zuen Hamasek ez zuela bete Bibas familiako ama eta bi haurrak askatzeko konpromisoa. Hamasek dioenez, ordea, hiru pertsona horiek Israelen bonbardaketen ondorioz hil ziren, eta gorpuak entregatzea eskaini zuen, baina Israelek ez zuen eskaintza onartu.