Mundua -

GAZA, ERASOPEAN

Gaza hegoaldea bonbardatu du Israelek su-etena amaitu ostean, eta 200 pertsona hil eta 650 zauritu ditu

Palestinako Ilargi Gorriak iragarri duenez, laguntza humanitarioa daramaten 100 kamioi inguru iritsi dira Gazara Rafahko pasagunetik.

Israelgo soldatuak Gazako mugatik gertu. Argazkia: Efe
Israelgo soldatuak Gazako mugatik gertu. Argazkia: Efe
Israelgo soldatuak Gazako mugatik gertu. Argazkia: Efe

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo Armadak ostiralean berrabiarazitako bonbardaketen ondorioz 200 palestinarretik gora hil dira Gazako Zerrendan. Azaroaren 24an hasitako su-etena atzo amaitu zen, eta bonbardaketak eta lurreko borrokaldiak lehengora itzuli dira ordutik.

Ashraf al Qidra Osasun Ministerioko bozeramailearen hitzetan, su-etena indarrean izan den bitartean ezin izan dute osasun sistema indartu, eta oso kaltetuta jarraitzen du urriaren 7an Netanyahuren gobernuak hasi zuen erasoaldiaren ondorioz. "Mediku hornidura eta erregaia helarazi behar dizkiegu Gazako ospitale guztiei", azpimarratu du.

Benjamin Netanyahu lehen ministroak su-etena "urratzea" egotzi dio Hamasi, ez omen dituelako bahitutako emakume guztiak askatu. "Gerraren helburuekiko konprometituta" jarraitzen duela esan, eta Hamasekin amaitu arte jarraituko dutela hitzeman du.

Hamasek iragarri du ez duela bahiturik askatuko behin betiko su-etena egon arte

Hamaseko buruzagi Sale al Arurik jakinarazi duenez, Israelek Gazako Zerrendaren aurkako erasoaldia amaitu arte ez da bahituen truke gehiago egingo.

Une honetan ez dagoela negoziaziorik abian jakinarazi du eta Netanyahuren akusazioei erantzun die. "Emakumeak eta haurrak atxikita dauzkagula esaten dute okupatzaileek, baina guztiak entregatu ditugu. Gazan geratzen diren presoak Armadan egondako gizonezko soldaduak eta zibilak dira", adierazi du.

Laguntza humanitarioa

Philippe Lazzarini Ekialde Hurbileko Errefuxiatu Palestinarrentzako NBEren Agentziako (UNRWA) arduradunak ostiralean esan zuen ez zela sartu ez laguntza humanitariorik ez erregairik Gazako Zerrendan.

Gaur bai sartu da laguntza humanitarioa. Palestinako Ilargi Gorriak iragarri du laguntza humanitarioa daramaten 100 bat kamioi iritsi direla Gazara Rafahko pasagunetik. Kamioiek elikagaiak, ura, laguntza, osasun-hornidurak eta sendagaiak daramatzatela erantsi du.

Dena dela, Gazako Zerrendako agintariek ohartarazi dute su-etenak iraun duen bitartean Gazako Zerrendara iritsi den laguntza humanitarioak ozta-ozta asetzen dituela gazatarren beharren % 1.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbileko albisteak Benjamin Netanyahu