Mundua -
Gerra Gazan
Israelek eta Hamasek su-eten humanitarioa egun batez luzatzea adostu dute
Hamasek hamar bahitu askatu ditu ostegun honetan, eta Israelek askatutako preso palestinarren artean gutxienez 23 adingabe eta zazpi emakume daude. Bestalde, hiru pertsona hil dira eta beste sei zauritu dira Jerusalemen tiroz egindako eraso baten ondorioz.
Agentziak | EITB Media
Hamasek eta Israelek Gazako Zerrendan su-eten humanitarioa beste egun batez luzatzeko akordioa lortu dute, Qatarrek goizaldean iragarri duenez.
Majid al Ansari Qatarreko Atzerri Ministerioko bozeramaileak ziurtatu duenez, su-etena indarrean egongo da ostegun honetan, "orain arteko baldintza berberekin". Aldi baterako "su-etena eta laguntza humanitarioaren sarrera dira" baldintza horiek bere hitzetan.
"Qatarreko Estatuaren, Egiptoko Arabiar Errepublikaren eta Estatu Batuen bitartekaritzaren esparruan" lortu dela etenaldi honen luzapena jakinarazi du.
Su-eten humanitarioak zazpigarren eguna izango du gaur. Aurreko ostiralean hasi zenetik, laguntza humanitarioa sartzeaz gainera, bahituak eta presoak aske utzi dituzte bi aldeek.
Bahituen eta presoen trukeak aurrera jarraitzen du
Qatarko Atzerri Ministerioak ostegun honetan jakitera eman duenez, su-eten humanitarioaren zazpigarren egunean gutxienez hamar bahitu askatu dituzte, besteak beste, bezperan Israelera itzuli ziren bi errusiarrak (akordioaren parte ez direnak) eta arratsaldean etxera itzuli diren bi emakumeak.
Zehazki, Gurutze Gorriaren lanari esker egin den truke berri honetan, gutxienez bi adingabe eta herritartasun bikoitzeko sei emakume daude, horien artean mexikar bat, errusiar bat eta uruguaitar bat.
Bestalde, Qatarko Atzerri Ministerioak adierazi du askatutako preso palestinarren artean gutxienez 23 adingabe eta zazpi emakume daudela.
Erasoa Jerusalemen
Bien bitartean, Jerusalemen hiru pertsona (24 urteko emakume bat, 73 urteko gizon bat eta 60 urte inguruko emakume bat) hil dira gaur goizean, tiroz egindako eraso batean. Beste sei pertsona zaurituta eraman dituzte erietxeetara. Horietako hiru egoera kritikoan daudela jakinarazi du Poliziak.
Polizia-iturriek adierazi dutenez, erasotzaileak Jerusalem ekialdeko bi palestinar izan dira eta lekuan bertan hil dira, zibil armatu batek eta une horretan lanean ari ez ziren bi soldaduk "neutralizatu ondoren".
Halaber, gertakizunaren inguruko ikerketa hasi dutela baieztatu dute. Esan dutenez, erasoa pistola batekin eta M-16 errifle batekin egin dute eta lekuan bertan zegoen auto batean hainbat kartutxo eta munizio aurkitu dituztela jakinarazi dute.
Gazako zerrendan gerran dauden bitartean, tentsioak gora egin du Jerusalemen eta Zisjordanian. Israelek sarekadak areagotu ditu Zisjordanian, "terrorismo ekintzen susmagarriak" atxilotzeko. Bertan, gutxienez 247 palestinar hil dira soldadu palestinarrekin izandako liskarretan urriaren 7tik. Kolonoek 9 lagun hil dituzte.
Preso Palestinarren Elkartearen esanetan, Israelek 3.200 palestinar baino gehiago atxilotu ditu Zisjordanian eta Jerusalem ekialdean. Tropa israeldarrek kopuru hori 1.800 ingurura murriztu dute.