Mundua -
Irlanda
30 pertsona baino gehiago atxilotu dituzte Dublinen, eskuin muturreko taldeek eragindako istiluetan
13 denda arpilatu eta hiru autobus eta tranbia bat suntsitu dituzte. Gainera, Poliziaren hamaika ibilgailutan kalteak egin eta hainbat polizia zauritu dituzte; horietako bat larri dago.
Agentziak | EITB Media
30 pertsona baino gehiago atxilotu dituzte ostegunean, azken orduan, Dublinen izandako istiluetan. Talde ultraeskuindarrek eragin zituzten liskarrak, Irlandako hiriburuko erdialdeko eskola baten ondoan erasotzaile batek bost pertsona, tartean hiru haur, sastatuta zauritu ondoren.
Drew Harris Poliziaren buruak 30 atxilotu baieztatu ditu eta "atxiloketa gehiago" egingo dituztela iragarri du. Gauean 13 denda arpilatu eta hiru autobus eta tranbia bat suntsitu dituzte. Gainera, Poliziaren hamaika ibilgailutan kalteak egin eta hainbat polizia zauritu dituzte; horietako bat larri dago.
Agintariek eskuin muturreko taldeei leporatu diete istiluen erantzukizuna, eta osteguneko erasoari buruzko informazio ofiziala kontuan izateko eskatu diete herritarrei, Interneten bolo-bolo dabiltzan buloen biktima ez izateko. Oraingoz ez dago erasoari buruzko behin betiko bertsiorik, baina hasiera batean Poliziak adierazi zuen ez duela ematen eraso terrorista bat izan denik.
Leo Varadkar lehen ministroak gogor gaitzetsi ditu liskarrak, "Irlandarentzat lotsagarria" delako, eta istiluetan 500 bat pertsonak parte hartu zutela gaineratu du. "Irlandarra izatea bandera agurtzea eta bularra astintzea baino zerbait gehiago da", adierazi du agintariak.
Era berean, atzoko erasoaren biktimak gogora ekarri ditu: bost urteko neskato batek eta emakume heldu batek zauri larriak jasan zituzten, baita ustezko erasotzaileak ere. Lehen ikerketen arabera, erasotzaileak bakarrik jardun zuen.