Mundua -
Israel-Libano
Israelek Libano hegoaldean egindako eraso batek Al Mayadeen hedabideko bi kazetari hil ditu
Urriaren 13an, Alma al Shaab hegoaldeko eremuan egindako antzeko eraso batean, Reuterseko bideokamerari bat hil zuten, eta agentzia bereko, AFPko eta Al Jazeerako beste kazetari batzuk zauritu zituzten.
Agentziak | EITB MEDIA
Libanoko Al Mayadeen hedabideko kazetari bat eta bideokamerari bat hil ditu gaur Israelek, Libano hegoaldean egindako eraso batean. Hala, duela sei aste baino gehiago muga inguruan hasitako erasoen ondorioz hiru kazetari hil dira jada, telebista-kate horrek astearte honetan jakitera eman duenez.
Farah Omar kazetaria eta Rabih al Maamari bideo-erreportaria dira hildakoak, hedabideak jakinarazi duenez, baina ez du gertaeraren inguruko xehetasunik eman. Hala ere, Ghassan bin Jiddo kanaleko zuzendariak langileei "zuzenean" eta "erabat nahita" erasotzea leporatu dio Israeli. Horren aurrean, "Al Mayadeenen ahotsa isilaraztea" lortuko ez duela aldarrikatu du, telebistak zabaldutako adierazpenen arabera.
Al Mayadeenek Beiruten du egoitza, baina herrialde osoko informazioa ematen du. Gainera, Ekialde Erdiko herrialde askotan ditu langileak.
Duela astebete inguru, Israelgo Segurtasun Kabineteak Libanoko telebista-katearen emisioei betoa jartzea onartu zuen, kate horrek "Israelen etsaien interesetarako" balio duela argudiatuta, Shlomo Karhi Komunikazio ministroak orduan iragarri zuenez.
Urriaren 13an, Alma al Shaab hegoaldeko eremuan egindako antzeko eraso batek Reuterseko bideokamerari bat hil zuen eta hainbat hedabietako beste kazetari batzuk zauritu zituen.
Libanoko Gobernuak Israelgo indarrek jaurtitako misilei bati egotzi zion tragedia hori, eta lekuko batzuek horrekin bat egin zuten.
Joan den urriaren 8tik, Libanoko Hizbula talde xiita eta Israel eraso gogorretan murgilduta daude bi herrialdeen arteko mugan. Gatazka horrek dagoeneko dozenaka hildako eta 26.000tik gora desplazatu utzi ditu Libanon bakarrik.
Indarkeriaren zurrunbilo horretan, prentsaren aurkako beste ekintza batzuk ere leporatu dizkiote Israelgo Armadari, hala nola joan den astean Yaronen (hegoaldea) kazetari talde batetik metro gutxira erori ziren misilak jaurtitzea eta Irango hedabide baen ibilgailuaren aurka tiro egitea.