Mundua -

bozak

Javier Milei ultraeskuindarrak irabazi ditu Argentinako hauteskundeak

La Libertad Avanza alderdiko hautagaiak 11 puntuko aldea atera dio Sergio Massa egungo Ekonomia ministro eta hautagai peronistari.

Milei bere garaipena ospatzen. Argazkia: EFE
Milei bere garaipena ospatzen.
Javier Milei izango da Argentinako hurrengo presidentea, abenduaren 10etik aurrera

0:41

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Javier Milei hautagai ultraeskuindarrak irabazi ditu Argentinako presidentetzarako hauteskundeak, Sergio Massa hautagai peronista eta Ekonomia ministroari 11 puntu baino gehiagoko aldea aterata, eta ia botoen % 100 zenbatuta dagoela. 

Mileik abenduaren 10ean hartuko du presidente kargua. Botoen % 55,69 eskuratu du; Massak babesaren % 44,30 bereganatu du. 

Milek garaipena baieztatu berritan adierazi duenez, "gaur hasiko da Argentinako gainbeheraren amaiera", eta ohartarazi du ez dagoela "epelkerietarako lekurik" edo "erdibiderik", egin asmo dituen eraldaketa estrukturalak hizpide. Horren ahotan, "askatasunaren ideiak besarkatuko ditugu berriro", eta bere gobernuak hiru zutabe izango dituela gaineratu du: konpromisoak "hitzez hitz" betetzea, jabego pribatua errespetatzea eta merkatu librea sustatzea. 

Sergio Massa hautagai ofizialistak porrota onartu, eta Milei zoriondu du. "Zorte ona opa diot, argentinarrek datozen lau urteotarako gehiengoz aukeratu duten presidentea da". 

Sergio Massa.

Trantsizio epea

Alberto Fernandez Argentinako jarduneko presidenteak Milei hartuko du gaur bertan, trantsizio epeari ekiteko. 

Nabarmendu duenez, "gizon demokrata naiz, eta, beste ezeren gainetik, herritarren erabakia errespetatzen dut. Espero dut bihartik (gaurko egunagatik) aurrera Javier Mileirekin lan egiten hasteko modua izatea, trantsizio ordenatu bat egite aldera".

Parte hartzea % 76,37koa izan da, lehen itzulian izandakoaren gainetik. Aipatu beharra dago Argentinan derrigorrezkoa dela bozkatzea. Salbuespen batzuk daude, baina, edozelan ere, justifikatu egin behar da hauteslekura ez joatea. Isunak daude aurreikusita, eta, horiek ordaindu ezean, arau-hausleek ezingo dute urtebetez izapide ofizialak egin. 

Ultraeskuinak Milei zoriondu du

Mileiren garaipenak oihartzuna izan du Argentinatik kanpo ere. Donald Trump AEBko presidente ohiak Mileik presidente izateko egindako "lasterketa bikaina" goraipatu du eta harro dagoela azpimarratu. "Herrialdea irauliko duzu, eta Argentina handi egingo duzu berriro!", nabarmendu du. 

Pozik agertu da, halaber, Jair Bolsonaro Brasilgo presidente izandakoa ere. Horren esanetan, "itxaropenak argitu du berriro Hego Amerikan. Hel daitezela haize on horiek AEBra eta Brasilera, zintzotasuna, aurrerapena eta askatasuna buelta daitezen", adierazi du Joe Bidenen eta Luiz Inacio Lula da Silvaren agintaldiak aipatuta.

Espainiatik, Santiago Abascal Voxen buruzagiaren zorion mezuak heldu zaizkio Mileiri. "Etorkizunaren eta itxaropenaren bidea zabaldu berri da: Gora Espainia! Gora Argentina! Bizi daitezela biak sozialismotik libre eta euren jabe!". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika Argentina Hauteskundeak Alderdi ultrakontserbadoreen azken ordukoa