Mundua -
Gaza erasopean
Ez da ospitalerik martxan Gaza hiri osoan
MOEk zuzendutako NBEko talde bat Al Shifa Ospitalera sartu da larunbat honetan. eta "hilerri" gisa definitu dute ospitalea, eta Gaza iparraldeko egoera "desesperatutzat".
EITB Media
Gazako ospitaleetako egoera gero eta jasangaitzagoa da igarotzen den segundo bakoitzeko. Izan ere, Gazako Osasun Ministerioak igande honetan baieztatu duenez, ez dago ospitalerik martxan Gaza hiri osoan (zerrendaren iparraldean). Bi klinika txikik baino ez diote eusten zabalik.
Hain zuzen ere, larunbat honetan, MOEk zuzenduta, NBEko talde bat Al Shifa Ospitalera sartu da eta han ikusitakoarekin, MOEk "hilerri" gisa definitu du ospitalea, eta Gaza iparraldeko egoera "desesperatutzat".
Nazio Batuen Erakundeko taldeak ordubete baino ez du eman ospitalean segurtasun arrazoiengatik, eta "bonbardaketen eta tiroen seinale nabarmenak" ikusi dituztela azaldu dute irteeran. Hobi komun bat ikusi dutela salatu dute, non, esan dietenez, 80 pertsona baino gehiago dauden lurperatuta.
Ohar batean adierazi dutenez, "NBEko langileentzat ezinezkoa izan da ospitalean hondakinen kudeaketa eraginkorra egitea", baina "ospitaleko korridoreak eta lursailak hondakin mediko eta solidoz beteta" daudela ikusi dute, eta horrek "infekzio-arriskua areagotzen" duela.
Halaber, MOEk ziurtatu duenez, eurekin hizketan aritu diren "pazienteak eta osasun-langileak izututa daude haien segurtasunagatik eta osasunagatik, eta ebakuazioa eskatu dute".
"Al Shifa Ospitaleak ezin du eri gehiago hartu, eta zaurituak eta gaixoak Indonesiar Ospitalera bidaltzen dituzte orain, baina hura era larri dago, ia lanik egin ezinda", gaineratu du erakundeak.
Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, Gazako hiriko Al Shifa ospitalean zeuden 31 haurtxo goiztiarrak Egiptora eraman dituzte, bertan arreta mediko egokia jasotzeko. Haurrak Palestinako Ilargi Gorri Erdiaren anbulantzietan eraman dituzte hegoalderuntz, gero handik Egiptora eramateko. Rafako pasabidea erabiliko dute horretarako.