Mundua -
Gerra Gazan
Israelek egunean bi erregai kamioi sartzen utziko ditu Gazan
Egiptoko komunikabideen arabera, ospitaleetarako 150.000 litro erregai zeramatzaten kamioiak sartu dira Gazako Zerrenda eta Egipto lotzen dituen Rafah pasagunetik.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Israelgo gerra kabineteak egunean bi kamioik Gazara erragaia sartzea onartu du, NBEren eskaerak betetzen laguntzeko, Israelgo funtzionario batek adierazi duenez.
Funtzionarioak azaldu duenez, Washingtonek eskatuta hartu dute erabakia.
Erregaia sartzen uzteak, esan du funtzionarioak, Israeli maniobrarako tarte gehigarri bat ematen dio nazioartean, Hamas Gazan desagerrarazteko kanpainarekin jarraitu ahal izateko.
Erregai kantitateak "gutxieneko" laguntza emango die Gazako ur, estolderia eta osasun sistemei, pandemiak saihesteko, azaldu du funtzionarioak.
Gaixotasun infekziosoen agerraldiak
Munduko Osasun Erakundeak (OME) adierazi duenez, gaixotasun infekziosoen milaka kasu erregistratzen ari dira Gazako Zerrendan, batez ere desplazatutako herritarren artean.
Ohartarazi du hori oso kezkagarria dela negua eta euri-sasoia hastear, eta babeslekuetan pilatzeak eta ur eta saneamendu faltak kutsatzeko arriskua areagotu dezaketela.
Gazako Osasun Ministerioaren, Errefuxiatu Palestinarrentzako NBEren Agentziaren (UNRWA) eta OMEren datuen arabera, urriaren erdialdetik hona, arnas infekzio akutuen 71.224 kasu, beherakoak jotako pertsonen 44.202 kasu, 808 barizela kasu eta larruazaleko 14.195 erupzio baino gehiago erregistratu dira, baita hazteria edo sarna eta zorrien kasu batzuk ere.
Erregai gutxiegi
Egiptoko komunikabideek jakitera eman dutenez, ospitaleetarako 150.000 litro erregai inguru sartu dira gaur Gazako Zerrenda eta Egipto lotzen dituen Rafah pasagunetik.
Palestinako Iheslarientzako Nazio Batuen Herri Lan eta Sorospen Agentziak (UNRWA) asteazkenean esan zuen orain arte Egiptotik Gazako Zerrendatik sartu den erregaia ez dela "inolaz ere nahikoa".
UNRWAk X sare sozialean duen kontuaren bidez esan du: "Hau kamioi erdia da. Ez da nahikoa. Gehiago behar da. Erregaia gerrarako arma gisa erabiltzen ari da, eta hori amaitu egin behar da".