Mundua -
GAZA, ERASOPEAN
Gazako Gobernuaren eta Parlamentuaren egoitzak kontrolpean hartu dituela iragarri du Israelgo Armadak
Israelek Hamasen eskuetan zegoen Poliziaren egoitza nagusia ere mendean hartu du.
AGENTZIAK | EITB Media
Israelgo Armadak gaur jakinarazi duenez, Hamasen eskuetan zeuden hainbat gobernu eraikin eta militar mendean hartu ditu, tartean, Gazako Gobernuaren eta Parlamentuaren egoitzak eta Poliziaren egoitza nagusia. Gaza Hiriko parlamentuan soldaduek atera duten argazkia mundu osoan zehar zabaltzen ari dira, militarki duten nagusitasuna aldarrikatuz.
Armadako bozeramaile batek zabaldutako informazioaren arabera, azken egunotan zazpigarren brigadako soldaduek Gazako parlamentuaren eta gobernuaren egoitzak eta Poliziaren egoitza nagusiak kontrolpean hartu dituzte.
Halaber, Israelgo Armadaren esku geratu dira entrenamendu zentro bat, kontrol gune bat, eta atxiloketak eta galdeketak egiteko gunea. Israelgo iturrien arabera, eraikin horiek "Hamasek erabili zituen urriaren 7ko erasoa prestatzeko". 1.200 pertsona hil ziren eraso haietan.
Ordutik, Israelek airez, lurrez eta itsasoz Gazan abiatutako erasoetan, berriz, 11.180 pertsona hil dira, 28.000 zauritu eta 3.000 baino gehiago desagertuta daude.