Mundua -
Gaza, erasopean
Unicefek, MOEk eta NBEko Biztanleria Funtsak Gazako "ospitaleen aurkako erasoak" salatu dituzte
"Mundua ezin da isilik egon, leku seguruak izan beharko luketen ospitaleak heriotza-, suntsipen- eta etsipen-agertoki bihurtzen diren bitartean", argudiatu dute eskualdeko zuzendariek. Ospitaleetan "indarrak kontrolatzeko" eskatu dio Israeli EBk.
Agentziak | EITB Media
NBEko hainbat agentziak "premiazko nazioarteko ekintza" bat eskatu dute, Israelek Gazako Zerrendan egindako erasoaldi militarraren baitan ospitaleen aurka egindako "erasoei" erantzuteko.
Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtseko (Unicef), Munduko Osasun Erakundeko (MOE) eta sexu- eta ugalketa-osasunean diharduen Nazio Batuen Biztanleria Funtseko (FPNU) eskualdeko zuzendariak "izututa" agertu dira Gazako hildakoei buruzko informazioengatik.
MOEk, bereziki, 137 eraso baieztatu ditu Gazako osasun-zerbitzuen aurka. Baieztatu ahal izan duenez, horien ondorioz 521 pertsona hil dira, eta 686 zauritu dira; hildako horietatik 16 osasun-langileak ziren, baita zaurituetako 38 ere. "Mundua ezin da isilik egon, leku seguruak izan beharko luketen ospitaleak heriotza-, suntsipen- eta etsipen-agertoki bihurtzen diren bitartean", argudiatu dute eskualdeko zuzendariek.
"Instalazio mediko eta zibilen aurkako erasoak onartezinak dira, Nazioarteko Zuzenbidea urratzen dute. (...) Arreta medikoa eskatzeko eskubidea ez litzateke inoiz ukatu behar, batez ere krisi garaietan", ohartarazi dute.
Horregatik guztiagatik, "nazioarteko ekintza irmoa" eskatu dute, "berehalako su-eten humanitarioa" bermatzeko, heriotza gehiago saihesteko eta "Gazako osasun-sistematik geratzen dena babesteko".
Tedros Adhanom Ghebreyesus MOEko zuzendari nagusia kezkatuta agertu da Al Shifa Ospitaleko langileen eta pazienteen segurtasunagatik. Ospitale hori Gazako Zerrendako garrantzitsuena da, eta pazienteak hiltzen ari dira ezinezkoa delako ebakuntzak egitea sorgailu elektrikoak elikatzen dituen erregai faltagatik. Ospitale horretan Zainketa Intentsiboetako Unitateko inkubagailuetan zeuden bi haurtxo hil dira larunbat honetan, osasun-zentroko inkubagailuak elikatzeko argindar faltagatik.
Ospitaleetan "indarrak kontrolatzeko" eskatu dio Israeli EBk
Josep Borrell EBko Atzerri Politikako goi-ordezkariak Gazako Zerrendako ospitaleetako eraso eta borrokei erantzuteko "indarraka ahalik eta gehien kontrolatzeko" eskatu dio Israeli.
"Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioak ospitaleak, hornidura medikoak eta ospitaleetako zibilak babestu behar direla ezartzen du (...). Testuinguru horretan, Israeli eskatzen diogu indarrei ahalik eta zorrotzen eusteko, zibilen babesa bermatzeko", adierazi du Borrellek ohar ofizial batean.
Gainera, Hamasek "ospitaleak eta zibilak giza ezkutu gisa erabiltzea" gaitzetsi du Borrellek. "Zibilek borroka eremutik alde egiteko aukera izan behar dute. Liskar horiek eragin larria izaten ari dira ospitaleetan, eta biktima kopuru ikaragarria eragiten ari dira, zibilak eta medikuak asko".