Mundua -
Gaza, erasopean
Ivan Illarramendi eta bere emaztea urriaren 7an hil zituen Hamasek eta ez zituen bahitu
Bien gorpuak Kissufim kibbutzean, Gazako Zerrendako mugatik oso gertu, aurkitu zituzten, eta erre egin zituzten, eta horregatik behar izan dute hainbeste denbora identifikatzeko.
EITB Media
Espainiako Gobernuko Atzerri ministroak eta Israelgo iturri diplomatikoek baieztatu dute Ivan llarramendi bilbotarra eta haren emazte Loren Garcovich urriaren 7ko erasoan hil zituela Hamasek eta, hortaz, ez zituela bahitu.
Bien gorpuak Kissufim kibbutzean, Gazako Zerrendako mugatik oso gertu, aurkitu zituzten, eta ezin izan dituzte bi heriotzak baieztatu, DNA frogak egin arte.
Ivan Illarramendiren familiak EITB Mediari azaldu dionez, lehen egunean hil eta erre egin zituzten, eta horregatik behar izan dute hainbeste denbora gorpuak identifikatzeko. Izan ere, dozenaka gorpu daude identifikatzeko zain Israelgo gorputegietan.
Emaztearekin batera bizi zen Illarramendi Kissufim kibbutzean, eta Hamasek iragan urriaren 7an lurretik, itsasotik eta airetik egindako erasoaldiak inguru hori suntsitu zuen. Eraso horietan, talde islamistak 1.400 lagun hil, 5.400 zauritu eta 200 bahitu zituen.
Illarramendiri buruzko berririk gabe eman zituen haren familiak hainbat egun, erasoa jazo eta hamar egunera, urriaren 17an, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak Hamasek bahitutakoen artean zegoela jakitera eman zuen arte.
Bilbotarra da Illarramendi, baina haren familia Zarautzen bizi da, eta hango Udaleko bozeramaileen batzordeak bilera egin du gaur familiari eta senideei dolumina eta elkartasuna adierazteko. Gainera, elkarretaratze isila iragarri du biharko, ostegunerako, 12:00etan, udaletxeko plazan.
Bitartean, Ivanen anaia Israelera bidean da eta familiak haren gorpuzkiak aberriratzeko izapideak abiatu ditu. Hileta hurrengo astean egingo dute, baina familiak eskatu du intimitatean egin nahi diotela agurra Illarramendiri.