Mundua -
Gaza, erasopean
Israelek izango du Gazaren segurtasunaren ardura "denbora mugagabez", Netanyahuren hitzetan
"Ikusi dugu zer gertatzen den ardura hori gure esku ez dagoenean, Hamasen izuaren erupzioa maila gorenera iristen dela", adierazi du.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak hartuko du "denbora mugagabez" Gazako Zerrendaren segurtasunaren ardura, behin Hamas akabatuta.
"Ikusi dugu zer gertatzen den ardura hori gure esku ez dagoenean, Hamasen izuaren erupzioa maila gorenera iristen dela", adierazi du ABC News telebista kate estatubatuarrari emandako elkarrizketan.
AEBko Gobernuak esandakoak —ez duela Gazako Zerrendaren okupazioa babestuko— gorabehera, adierazpen horiek egin ditu lehen ministroak bart.
Geldialdi humanitarioei buruz, esan du ez dela halakorik iritsiko Hamasek bahituta dituen pertsona guztiak (240 inguru, Israelgo agintarien arabera) askatu arte.
"Gazan ez da su-eten orokorrik egongo, bahituak aske utzi arte (...). Iruditzen zait gerra ahalegina oztopatuko lukeela. Alegia, bahitutako pertsonak ateratzeko eginahala eragotziko luke, egiten ari garen presio militarra baita Hamaseko hiltzaileekin funtzionatzen duen bakarra", adierazi du.
Zentzu horretan, nabarmendu du "su-eten bakarra" egongo dela, eta horren helburua izango dela bahituta dauzkaten lagun guztiak askatzea.