Mundua -
Gaza, erasopean
10.000 pertsonatik gora hil ditu Israelek Gazaren kontrako hilabeteko erasoaldian
Hamasek eta beste milizia palestinar batzuek urriaren 7an erasoak egin zituztenetik eta Israelek Gazako Zerrendaren kontrako oldarraldia gogortu zuenetik, Palestinan 10.000 pertsona baino gehiago eta Israelen ia 1.500 lagun hil dira.
Mikel Dominguez | EITB Media
Israelek Gazaren aurka egindako erasoetan hildako pertsonak 10.000 baino gehiago dira dagoeneko, hilabetean, Zerrendako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera. Biktima israeldarrak 1.430 dira, gehienak Hamasek eta beste milizia palestinar batzuek urriaren 7an egindako erasoetan hildakoak.
Guztira, 10.022 pertsona hil ditu Israelek Gazan, gehienak Armadaren bonbardaketetan. Gutxi batzuk Israelgo Defentsa Indarren lurreko erasoaldietan hil dituzte.
Hildako gehienak haurrak dira: 4.104, Osasun Ministerioak emandako azken balantzean. 2.641 emakumeak dira, eta 3.277, gizonak.
25.408 pertsona gehiago zauritu dira erasoetan. Talde horretatik, 6.360 dira adingabeak.
Israelek duela bi hamarkadatik du blokeatuta Gazako Zerrenda, eta orain dela hilabetetik setiatuta, bonbardaketa etengabeen bidez, baina datu horiei Zisjordania okupatuan izandako biktimak gehitu behar zaizkie.
Al Jazeera telebista kate qatartarrak jasotako zenbakien arabera, 152 pertsona hil dira Zisjordanian. Horiek Israelgo Armadaren ekintzetan zein lurralde palestinarra okupatzen duten kolono israeldar armatuen erasoetan hil dituzte.
Israelen, 1.430 dira hildakoak, gehienak Hamasek eta beste milizia palestinar batzuek urriaren 7an egindako eskala handiko erasoetan. Kopuru horretan, Zerrendaren inbasioan hildako soldatuak (25) daude.
Gainera, Hamasek 242 israeldar ditu bahituta, urriaren 7tik. Horietatik 30 haurrak dira.
Israelgo datu ofizialen arabera, 5.600 israeldar zauritu dira.