Mundua -

Gaza erasopean

Israelgo Armadak 9.000 palestinar baino gehiago hil ditu dagoeneko urriaren 7tik

NBEko hainbat adituk erasoak gelditzeko deia egin dute, "genozidioa eta hondamendi humanitarioa saihesteko".

Bonbardaketek ez dute etenik Gazako Zerrendan. Argazkia: EFE
Bonbardaketek ez dute etenik Gazako Zerrendan. Argazkia: EFE
Bonbardaketek ez dute etenik Gazako Zerrendan. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

NBEko aditu talde batek bat egin du ohartarazteko "genozidioa eta hondamendi humanitarioa saihesteko denbora agortzen" ari dela Gazako Zerrendan. Azken egunotan Jabalia eta Bureijeko errefuxiatuen kanpalekuetan izandako erasoak mahai gainean jarrita, ekintza horiek "izugarrikeria" direla salatu dute ohar baten bidez.

Israelek Bureijeko errefuxiatu-esparrua bonbardatu du gaur, eta gutxienez 15 pertsona hil ditu. Palestinako albiste-agentziek jasotako informazioaren arabera, erasoak krater handi bat utzi du etxebizitza-eraikinez inguratutako plaza batean, eta horietako asko kolapsatu egin dira, inpaktuak eragindako indarragatik. Dozenaka pertsona geratu dira hondakinen azpian harrapatuta.

Gazako prentsa-bulegoak jakinarazi duenez, Maghaziko errefuxiatu-esparruan beste aire-eraso bat izan da. Era berean, 30 pertsona inguru hil eta dozenaka zauritu dira Jabalia Gazako Zerrendako errefuxiatuentzako kanpaleku handienaren aurka egindako eraso baten ondorioz; oraingo honetan Ekialde Hurbileko errefuxiatu palestinarrentzako NBEren agentziaren (UNRWA) eskola bati eragin diote bonbek.

Israelgo Armadak Gazaren aurka urriaren 7an abiatutako erasoaldien ondorioz hildako palestinarren kopuruak 9.000ko muga gainditu du, Palestinako agintariek ostegun honetan bertan adierazi dutenez.

Genozidioa saihesteko deia

NBEko hainbat adituk Jabaliaren aurkako erasoak gaitzetsi dituzte, eta gerrako krimentzat jo dituzte. "Zibilak hartzen dituen kanpaleku bati erasotzea (...) proportzionaltasunari eta borrokalarien eta zibilen arteko bereizketari buruzko arauen erabateko haustura da", adierazi dute.

"Ziur gaude Palestinako herritarrek genozidioa izateko arrisku larria dutela", azpimarratu dute, eta "lehenbailehen" jarduteko deia egin diote nazioarteari. Izan ere, ziurtzat jo dute NBEren Batzar Nagusiak hartutako ebazpena ez dela nahikoa izango Israelen erasoak eteteko.

Oinarrizko hornidurarik gabe, "Gazako egoera inflexio-puntu katastrofiko batera iritsi da". Adituek "su-eten humanitarioa" eskatu dute laguntza eman ahal izateko, neurri horrek Hamasen esku dauden bahituak askatzeko komunikazio bideak irekitzea ahalbidetuko lukeelakoan.

Era berean, teorian babestuta dauden instalazioetan gatazkak izan dituen ondorioak salatu dituzte, hala nola NBEren eraikinetan edo medikuntza- eta irakaskuntza-zentroetan izandakoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Zer gertatzen ari da gaur Palestinan? Ekialde Hurbila gaur Hamas Benjamin Netanyahu gaur