Mundua -
ISRAEL-HAMAS GERRA
Zauritutako 60 pertsona eta atzerriko pasaportea duten 400 aterako dira gaur Gazatik, Hamasen arabera
Bigarren egunez jarraian, Egipto eta Gazako Zerrenda lotzen dituen Rafahko pasabidea zabalduko dute ebakuazioa egiteko. Egiptoko Atzerri Ministerioaren arabera, 60 nazionalitatetako 7.000 pertsona helduko dira gaur bere herrialdera.
Agentziak | EITB Media
Larri zauritutako 60 bat pertsona eta atzerriko pasaportea duten 400 lagun irtengo dira gaur Gazako Zerrendatik, Rafahko pasagunearen bitartez, Egiptora bidean. Hala aurreikusi dute behintzat Hamaseko agintariek.
Salama Maruf Hamasen gobernuaren hedabideentzako bulegoko bozeramaileak X sare sozialean azaldu duenez, 16 nazionalitatetako herritarrak daude tartean. EFE albiste agentziak bertatik bertara egiaztatu duenez, gutxienez 50-60 pertsona zeramatzaten lau autobusek gurutzatu dute muga.
Bestalde, Egiptoko Atzerri Ministerioak emandako datuen arabera, 60 nazionalitatetako 7.000 pertsona helduko dira gaur bere herrialdera.
Atzo sartu ziren, lehen aldiz, Egiptoko anbulantziak Gazako Zerrendara. Larrien zauritutako dozenaka pertsona atera zituzten, orduan, herrialde afrikarrean behar bezala arta ditzaten. Izan ere, Gazako ospitaleak egunak daramatzate gainezka. Zerrendako 16 erietxetan lan egiteari utzi behar izan diote, Israelen erasoak edo hornidura faltak eraginda (erregai faltaren ondorioz, argindar barik geratu dira), Gazako Osasun Ministerioak zehaztu duenez. Martxan ez dauden ospitaleen artean minbizidun gaixoak artatzen zituen bakarra dago.
Hain justu, iturri horien arabera, jada 9.061 dira hildakoak, horietako 3.760 adingabeak.
Zauritutakoez gain, atzerriko pasaportea duten 400 pertsona igaro ziren atzo Egiptora. Espainiako nazionalitatea duten bi pertsona egon ziren taldean: Mugarik gabeko Medikuen langile bat eta NBEk Ekialde Hurbilerako duen Bulegoaren kide bat.
Gaur, esan bezala, berriz zabalduko dute Rafahko igarobidea.