Mundua -
Israel-Hamas Gerra
Netanyahuk su etena baztertu du: "Hamasen aurrean amore ematea litzateke"
Inoizko onarpen maila txikiena gorabehera eta nazioartearen presioari entzungor, Israelgo lehen ministroak ziurtatu du ez dela meniarik egongo. Horren ustez, beharrezkoa da "errugabeen hilketaren eta gerra legitimo bakoitzean izaten diren nahi gabeko bajen arteko bereizketa morala egitea".
Agentziak | EITB Media
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak Gazan su etena ezartzea baztertu du, tinko baztertu ere. Izan ere, horren ustez, "Hamasen aurrean amore ematea litzateke".
"Su eten eskaerak Hamasen aurrean amore emateko eskaerak dira, basakeriaren eta terrorearen aurrean errenditzekoak", esan du prentsaurreko batean, The Times of Israel egunkariak jaso duenez.
Buruzagi juduaren arabera, inork ez zion halakorik eskatu AEBri, 1941eko abenduaren 7an Pearl Harborri egindako erasoaren ostean. Nabarmendu duenez, beharrezkoa da "errugabeen hilketaren eta gerra legitimo bakoitzean izaten diren nahi gabeko bajen arteko bereizketa morala egitea".
Zehaztu du Israelgo Defentsa Indarrak "aurrerapen sistematikoak" egiten ari direla Gazako Zerrendan, lurreko erasoak aipatuta. "Pauso gehiago egongo dira: ezinezkoa da denak xehe adieraztea, baina gerra kabinetean aztergai ditugu", erantsi du.
Hamasek bahitutako soldadu israeldar bat askatu dutela eta, pozik agertu da lehen ministroa. Gainerako bahitutakoak askatzeko eginahalak egiten ari direla nabarmendu du, halaber.
Iritzi berekoa da Israelen aliatu nagusia den AEB. John Kirby Segurtasun Nazionalerako aholkulariak adierazi duenez, su etena "ez da erantzun egokia".
"Krisi honek inoizko gizagabetasun handienetakoa eragin du", NBEren aditu baten hitzetan
Urriaren 7an Hamasek egin zuen erasoak eta, erantzun gisa, Israelek egindako ofentsibak "inoizko hondamendi politiko eta humanitario handiena eragin dute", Francesca Albanese Palestinako lurralde okupatuetan NBEk duen giza eskubideen errelatorearen ustez.
NBEren albisteen atariari eskainitako elkarrizketa batean, adituak esan du "ezinezkoa" dela Israelgo herriak duen "min eta sufrimendua" deskribatzea: "Hil edo bahitu dituztenak ez ezik, erabat hunkituta dagoen biztanleria oso bat ere badago".
Dena dela, gazatarren egoera ere latza dela azpimarratu du. "Bost gerra hilgarri pairatu dituzte. Israelek Gaza legez kanpo blokeatu du, 2,2 milioi pertsona harrapatuta utzita". Urriaren 7tik, halaber, "astero 6.000 bat bonba bota ditu, ausarkeria osoz", kritikatu du.