Mundua -
Israel-Hamas
Israelgo Armadak Hamasek bahitutako soldadu bat askatu du Gazan
Joan den ostiraletik, Israelgo Armadak lurreko operazioak areagotu ditu Gazako Zerrendan, eta urriaren 7tik egiten ari zen bonbardaketak areagotu ditu; ondorioz, 8.300 palestinar baino gehiago hil ditu eta 21.000tik gora zauritu.
Agentziak | EITB MEDIA
Israelgo Armadak Ori Megidish soldadua askatu duela iragarri du astelehen honetan, Gazako Zerrendan egindako lurreko operazioetan.
Israelgo Defentsa Indarrek ohar baten bidez jakinarazi dutenez, Hamasek Megidish bahitu zuen urriaren 7an Israelen aurka egindako erasoan.
Armadak adierazi du dagoeneko azterketa medikoa egin diotela militarrari, ondo dagoela eta familiarekin bildu dela. Era berean, "bahituak aske uzteko ahal den guztia" egiten jarraituko dela azpimarratu du.
Joan den ostiraletik, Israelgo Armadak lurreko operazioak areagotu ditu Gazako Zerrendan, eta urriaren 7tik egiten ari zen bonbardaketak areagotu ditu; erasoaldi horien ondorioz, 8.300 palestinar baino gehiago hil ditu eta 21.000tik gora zauritu.
Urriaren 7tik, Hamasek lau bahitu askatu ditu: Judith eta Natalie Raanan ama-alabak (nazionalitate estatubatuarra dute eta urriaren 20an aske utzi zituzten) eta Yochved Lifshitz eta Nurit Cooper adineko israeldarrak (duela astebete aske utzi zituen talde islamistak).
Astelehen honetan, Hamasek bideo bat argitaratu du, eta, bertan, ustez Gazako Zerrendan gatibu dauden hiru emakume israeldarrek Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari egotzi diote urriaren 7an gertatutakoaren erantzukizuna.
Handik gutxira, Netanyahuk "propaganda psikologiko krudeltzat" jo du grabazio hori.