Mundua -

Israel-Hamas gerra

Kezka nagusi Munduko Osasun Erakundean, Israelek Gazako Al Quds ospitalea ebakuatzeko agindu ondoren

Israelek ospitalea husteko agindu ondoren, Tedros Adhanom Ghebreyesus Munduko Osasun Erakundeko zuzendari nagusiak esan du ezinezkoa dela "gaixoz betetako ospitaleak ebakuatzea haien bizitzak arriskuan jarri gabe".

Nasser Ospitaleko Haurren ZIUa, Khan Yunisen. Argazkia: EFE.
Nasser Ospitaleko Haurren ZIUa, Khan Yunisen. Argazkia: EFE.
Txikizioa begi bistakoa da Gazan, airetik grabatutako irudiotan

0:41

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tedros Adhanom Ghebreyesus Munduko Osasun Erakundeko (MOE) zuzendari nagusia kezkatuta agertu da Israelek Gazako ospitale bat ebakuatzeko agindua eman baitu, antza, eta adierazi du ezinezkoa izango dela agindu hori betetzea "gaixoen bizitza arriskuan jarri gabe".

Palestinako Ilargi Gorriak salatu duenez, Gaza iparraldean dagoen Al Quds ospitalea bonbardatzeko mehatxua egin du Israelek, eta inguruko eremuak bonbardatzen aritu da. Jende ugari dago bertan aterpe hartuta.

Salaketa horren aurrean, "Al Quds ospitalea ebakuatzeko mehatxuak oso kezkagarriak" direla esan du Tedrosek X sarean (lehengo Twitter): "Berriro diogu ezinezkoa dela gaixoz betetako ospitaleak ebakuatzea haien bizitzak arriskuan jarri gabe".

400 bat gaixo daude ospitalean, asko zaintza berezietam baita 14.000 zibil inguru ere. Toki segurutzat jota, azken 3 asteetan hara joan dira, eta bizitoki dute.

Ospitaleko zuzendariak ere esan du ezin dutela hustu.

Bestalde, Tedrosek jakinarazi du MOEko langileekin kontaktua berreskuratu dutela, Gazan telekomunikazioak 24 orduz etenda egon eta gero.

Jawwal telekomunikazio konpainia palestinarrak ohar bidez jakinarazi duenez, telefonia mugikor eta finkoko eta Interneteko zerbitzuak "pixkanaka" itzuliko dira Zerrendara.

MOEko arduradun nagusiak berretsi du Gazako ospitaleek egoera larrian jarraitzen dutela eta osasun baliabide gehiago behar dituztela. Hain zuzen ere, gaur 34 kamioi sartu dira Zerrendan.

"Su-eten humanitarioa egiteko eta osasun-instalazioak eta bertako langileak babesteko deia egiten dugu berriro ere", esan du.

8.000 palestinar hil ditu Israelek, horietako 3000 haurrak

Azken datuen arabera, Israelek urriaren 7an Hamasek Gazatik egindako erasoen ostean abiatutako "Burdinazko ezpatak" operazioan, 8.000 palestinar hil dituzte 21 egunetan, horietatik 3.000 baino gehiago haurrak. Israelen eta Gazako milizia palestinarren arteko gerra hasi zenetik hiru aste igaro direnean, Israelgo Armadak 2019tik munduko gatazketan urtean hil diren haurrak baino gehiago hil ditu, Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak jakitera eman duenez.

Israelek bigarren fasea abiatu berri du Gaza iparraldean, erasoaldia indartuz. Azken eguneko bonbardaketetan, adibidez, aire-erasoekin Hamasen eta milizien "450 helburu" suntsitu dituztela esan du Armadak.

Gainera, gutxienez hiru palestinar hil ditu Israelek azken orduetan, Zisjordanian. Urriaren 7tik, 113 palestinar hil eta 1.900 zauritu dituzte Zisjordanian Armadaren eta kolono israeldarren aurkako borroketan.

Israelek 1967an bereganatu zuen Zisjordaniaren kontrola, eta okupazio eta kolonizazio erregimena du ordutik lurraldean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Manifestazioak Giza eskubideak Munduko Osasun Erakundearen albisteak Ekialde Hurbila