Mundua -
ISRAEL-HAMAS GERRA
Elikagaiak, ura eta osasun materiala daramatzaten 34 kamioi sartu dira Gazako Zerrendara baina erregairik gabe
Kamioietan ez dago erregairik, Israelek ez baitu sartzen uzten, nahiz eta premiazko duten ospitaleek. Bestalde, UNRWAk salatu du milaka pertsonak arpilatu egin dutela Gazan duen janari biltegia.
agentziak | eitb media
Elikagaiak, ura eta osasun materiala daramatzaten 34 kamioi sartu dira gaur Gazako Zerrendan Egiptoko Rafah pasabidetik. Joan den astean Israelek sarrera kontrolatuak baimendu zituenetik sartu den laguntza humanitarioko konboirik handiena da.
Gauetik zain zeuden 40 kamioik osatutako bi konboi (20 kamioi konboi bakoitzean) Rafahko pasabidean, Israelgo agintarien ikuskapenaren zain. Hala, horietako 34ri eman diete Gazako Zerrendara sartzeko baimena eta 6k zain jarraitzen dute.
Laguntza gaiak bai, baina kamioietan ez dago erregairik, Israelek ez baitu sartzen uzten, nahiz eta premiazko izan ospitaleek, okindegiek, ura edangarri egiteko lantegiek eta laguntza humanitarioaren banatzaileek lan egin ahal izateko.
Aurreko larunbatean konboi humanitarioak sartzen hasi zirenetik, guztira 118 kamioi sartu dira Zerrendara, ohiko kopuruetatik oso urrun. Nazio Batuen Erakundeak gogorarazi duenez, Israelen eta Hamasen arteko gerra hasi baino lehen 500 kamioi sartzen ziren egunero laguntza humanitarioarekin Gazan.
Laguntza humanitarioa horrenbeste murriztu edo blokeatu izanak GKEen eta NBEren gaitzespen gogorra eragin du. Erakunde horiek salatu dute sartzen ari diren baliabideak "ur tanta bat" besterik ez direla herritarren beharrak kontuan hartuta.
Gainera, Palestinako Errefuxiatuei laguntzeko NBEren Agentziak (UNRWA) jakinarazi du Gazako milaka herritar sartu direla laguntza banatzeko biltegietan, eta arpilatzen aritu direla.