Mundua -

HERIOTZA

Matthew Perry aktorea hil da, "Friends" telesailean Chandler Bing pertsonaia haragitu zuena

AEBko 54 urteko aktore ezaguna hilda topatu dute Los Angelesko bere etxean.

Perry, artxiboko argazki batean. EFE
Perry, artxiboko argazki batean.
Perry, artxiboko argazki batean. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Matthew Perry, Friends telesailean Chandler Bing gorpuztu zuen aktorea, bart hil da, 54 urte zituela, AEBko hainbat hedabidek jakinarazi dutenez.

Los Angeles Times egunkariak polizia iturriak aipatuta zabaldutakoaren arabera, Perryren gorpua Los Angelesko bere etxean topatu dute, jacuzzi baten barruan. Kalifornian 16:00ak zirenean (gauerdian, Euskal Herrian) sartu dira poliziak aktorearen etxean, eta konorterik gabe aurkitu dute, betiere egunkari horren esanetan. 

"Ez dago delitu zantzurik", erantsi dute. Los Angelesko Polizia Departamentuak, zehazki lapurretak eta hilketak ikertu ohi dituen sailak, hartu du heriotza ikertzeko ardura. 

10 denboralditan, ikus-entzuleen irribarreak eragin zituen Friends telesail ezagunaren sei izarretako bat izan zen Perry, Jennifer Aniston, Courteney Cox, Lisa Kudrow, Matt LeBlanc eta David Schwimmer aktoreekin batera. Zineman ere aritu zen, besteak beste The Whole Nine Yards filmean, Bruce Willisekin batera.  

Aktoreak zenbaitetan aitortu duenez, drogekin eta alkoholarekin arazoak izan zituen bizitzan zehar.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Aktoreak Eguneko albisteak Kultura Albisteak