Mundua -
HAMASEK BAHITUTAKOAK
Gazan dauden bahituen familiek operazio militarrik ez onartzeko erregutu diote Netanyahuri
Familiek bahituak preso palestinarrekin trukatzeko proposatu dute. Netanyahuk esan dienez, Israelek "aukera guztiak agortuko ditu" bahituen itzulera lortzeko.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa Hamas talde islamistak urriaren 7an bahitutako 229 lagunen familiekin bildu da, eta horien askatasuna lortzeko aukera guztiak "agortu" egingo dituztela agindu die, hurrengo fasea abiatu berritan horien kezkak entzun eta gero. Bahituen senideek eskari argia egin diote: bahituak arriskuan jar ditzakeen operazio militarrik ez dezala onartu.
Bahituetako batzuen familiek egin dute bilera larunbatean Netanyahurekin, Yoav Gallant Defentsa ministroarekin eta gerra-kabineteko gainerako kideekin, Israelek Gazan operazio militarraren hurrengo fasea abiatu ostean bahituen segurtasuna kolokan egon daitekeelako, bonbardaketak eta lurreko ofentsiba areagotu direlako.
Gerraren helburu nagusietako bat bahituak askatzea dela azpimarratu die agintari israeldarrak, lehen ministroaren bulegoak ohar batean jakinarazi duenez. "Gakoa presio maila da", nabarmendu du Netanyahuk bileran. "Zenbat eta presio handiagoa, orduan eta aukera gehiago" bahituak askatzeko, haren esanetan.
Familiek, bestalde, bahituak preso palestinarrekin trukatzea proposatu dute. "Denak itzultzea" lortu behar dela adierazi du prentsaurrekoan Meirav Leshem-Gonenek, bahituta dagoen 23 urteko emakume baten aitak, The Times of Israel egunkariak jaso duenez.
Leshem-Gonenen arabera, euren senideak arriskuan jar ditzakeen operazio militarrik ez dezala onartu "erregutu" diote Netanyahuri, eta "guztiak guztien truke" aldatzeko akordioa nahi dutela berretsi du.
Orain arte, lau bahitu askatu dituzte Palestinako miliziek, baina 200 pertsona baino gehiago dituzte oraindik bahituta. Horien artean, Iban Illarramendi euskal herritarra, Gazako mugatik gertu dagoen kibbutz batean bahitu zutena.
50 bahitu hil dira, gutxienez
Hamasek aste honetan bertan iragarri du gutxienez 50 bahitu hil direla orain arteko bonbardaketen ondorioz.
Guztira 7.703 pertsona hil eta 18.967 zauritu ditu Israelgo Armadak Gazan, duela hiru aste Hamasek ustekabeko erasoaldi batean 1.400 israeldar hil zituenetik abiatutako bonbardaketetan. 229 pertsona bahitu zituzten Hamaseko kideek egun hartan, eta ordutik daude talde islamistaren esku.