Mundua -

Israel-Hamas gerra

Milaka lagun atera dira kalera Bilbon, Palestinari babesa adierazteko eta Israelen "genozidioa" salatzeko

"Gora palestinar erresistentzia" lelopean, jendetza bildu da Bilbon Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta "Israel egiten ari den garbiketa etnikoa eta genozidioa" salatzeko manifestazioan.

Manifestazioaren burua, Bilbon. Argazkia: EFE
Manifestazioaren burua, Bilbon. Argazkia: EFE
'Israel Palestinan egiten ari den garbiketa etnikoa' salatu du manifestazio batek Bilbon

0:23

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Palestinarekin Elkartasuna" elkarteak deituta, milaka lagunek manifestazioa egin dute Bilboko kaleetan, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko eta Israel egiten ari den "genozidioa" salatzeko.

Dozenaka taldek babestu dute Bilboko Jesusen Bihotza plazatik abiatu den mobilizazioa. Ikurrina bat eta bandera palestinar bat protestaren aurrealdean zeramatzatela, "Gora palestinar erresistentzia. Sionismoa genozidia. Palestinarekin elkartasuna" lelopean abiatu dira manifestariak.

Israel egiten ari den "genozidioa eta garbiketa etnikoa" salatzeaz gain, palestinar herriaren "erresistentziarako eskubidea" aldarrikatu dute, eta elkartasun osoa agertu.

Manifestazioa abiatu aurretik egindako adierazpenetan, Palestinarekin Elkartasuna elkartearen bozeramaileek azpimarratu dute garrantzitsua dela Palestinako herriari elkartasuna adieraztea, "inolako baldintzarik gabe", Israelgo estatu sionistak "garbiketa etnikoa eta genozidioa egiteko operazioetan jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa egin duen une honetan". Gazan ez ezik Zisjordanian ere krimenak egiten ari direla salatu dute.

Bertan gogorarazi dutenez, Palestinak hamarkadak daramatza Israelgo kolonizazioa jasaten, eta "edozein herri zapalduk bezala, erresistentziarako eskubidea" dutela aldarrikatu dute.

Azkenik, "mendebaldeko gobernuen, enpresen eta Israelgo estatua legitimatzen duten alderdi politikoen konplizitatea eta lankidetza" salatu dituzte.

moi

Baionan ere, manifestazioa zegoen deituta 17:00etan tren geltokitik abiatuta, eta Prefeturak debekatu egin duen arren, egin egin dute. Poliziak gertutik zainduta, hori bai.

Ehunka lagun bildu dira "Israel genozido! Frantzia kolabo! Palestina askatu!" leloa zeraman pankartaren atzean, eta hainbat kaletatik ibili ostean, Jacques Portes plazan amaitu da mobilizazioa, bozgorailuetatik testu bat entzun ondoren.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko berriak Bilbo Gazako Zerrenda Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Israel albisteak Zer gertatzen ari da gaur Palestinan? Manifestazioak