Mundua -
Israel-Hamas gerra
Laguntza humanitarioa daramaten kamioi gehiago sartuko dira gaur Gaza hegoaldean, Israelen arabera
Atzotik etenda dago komunikazio oro Gazako Zerrendan, eta horrek are gehiago zaildu ditu laguntza humanitarioko lanak, NBEk eta beste erakunde batzuek salatu dutenez.
Agentziak | EITB Media
Daniel Hagari Israelgo Armadaren bozeramaileak gaur iragarri duenez, Israelek areagotu egingo ditu "ahalegin humanitarioak", eta Gazako hegoaldean kamioi gehiago sartzeko baimena emango du.
"Zerrendako hegoaldera joan diren gazatar guztiei esan behar diegu gure ahalegin humanitarioak handituko ditugula", adierazi du Hagarik telebistaz egindako agerraldi batean. Prentsaurrekoan airez eta lurrez erasoak areagotuko dituztela ere iragarri du eledunak.
Atzo atzerriko 10 medikuk osatutako talde bat Gazako Zerrendan sartu zen Rafahko pasabidetik, laguntza humanitarioz betetako 10 kamioirekin batera. Alabaina, erregairik ez zeramatela zehaztu dute.
Gazako Zerrenda "erabateko itzalaldian" dago atzotik, Israelek komunikazio guztiak eten baitu. Horren harira, NBEk Gazako egoerari buruz egunero egiten duen txostenaren arabera, Osasunaren Munduko Erakundea eta UNICEF euren langileekin harremanetan jarri ezinda daude.
Bestalde, Palestinako Ilargi Gorriak jakinarazi du "erabat" galdu dituela komunikazioak Gazako Zerrendan duen operaziogunearekin eta eremuan dauden kideekin.
Operazio humanitarioak "ezin du aurrera jarraitu komunikazio gabe", ohartarazi du Lynn Hastings NBEk Palestinarako duen koordinatzaile nagusiak.