Mundua -
Israel-Hamas gerra
Mediku atzerritarrez osatutako lehen taldea eta laguntza humanitarioa daramaten 10 kamioi sartu dira Gazan
Bitartean, 7.326 pertsona hil dira Israelen erasoen ondorioz; zaurituak, berriz, 18.967 dira.
agentziak | eitb media
Atzerriko hamar medikuk osatutako talde bat Gazako Zerrendan sartu da gaur Rafahko pasabidetik, laguntza humanitarioz betetako hamar kamioirekin batera, zenbait iturrik jakitera eman dutenez. Alabaina, erregairik ez daramatela ere zehaztu dute.
Wael Abu Omar alde palestinarreko bozeramaileak azaldu duenez, kamioietan "ura, elikagaiak eta botikak" daramatzate.
Bestalde, Egiptoko Rafah aldeko iturriek informazio-agentziei adierazi dietenez, hamar medikuak inguru horretan laguntza humanitarioa kudeatzen ari den Gurutze Gorrikoak dira, baina ez du zehaztu zein herrialdetakoak diren. Horrez gain, baieztatu dute laguntza humanitarioko kargamentu horretan ez dagoela erregairik, Israelek ez baitu horrelakorik baimendu, baina oso beharrezkoa dela ospitaleak, gatzgabetzeko plantak eta funtsezko beste zerbitzu batzuk martxan mantentzeko.
Gaurko bidalketarekin, guztira 84 kamioi sartu dira Egiptotik Gazara laguntza humanitarioa eramatera, sei txandatan, Israelek laguntza humanitarioa sartzen utzi zuenetik.
Bitartean, Lynn Hastings Nazio Batuen Erakundeko Lurralde Palestinarretarako koordinatzaileak prentsaurreko batean esan duenez, oinarrizko zerbitzu asko elikatzen dituzten larrialdiko sortzaileak "banan-banan itzaltzen ari dira, erregai faltagatik". Hala ere, Gazan erregai kopuru mugatu bat sar daitekeela azaldu du. Qatarrek ordaindu duen ponpaketa-estazio baten bidez sartzen omen dute, eta Israel horren jakitun dela gehitu du.
Beraz, Gazan lanean ari den Errefuxiatuentzako NBEren Agentziak (UNRWA) 200.000 litro erregai eskuratu ditu. Hala ere, Hastingsen hitzetan, ez da nahikoa, egunean 130.000 litro behar baitira.
7.300 hildako baino gehiago eta ia 19.000 zauritu
Laguntza humanitarioa iristen ari den bitartean, Gazako Osasun Ministerioak eman dituen azken datuen arabera, 7.326 pertsona hil eta 18.967 zauritu dira dagoeneko Israelek Gazako Zerrendaren aurka egindako bonbardaketetan. Hildakoen artean, 3.038 adin txikiko, 1.726 emakume eta 414 adineko daude.
Ministerioaren esanetan, azken orduetan Israelgo hegazkinek 298 pertsona hil dituzte, gehienak Zerrendaren hegoaldean.
Gaineratu duenez, 57 osasun-egoitza izan dira Israelen bonbardaketen jomuga urriaren 7an gerra hasi zenetik, eta 12 ospitale eta lehen mailako arreta emateko 32 zentro daude zerbitzutik kanpo, erasoen eta erregai faltaren ondorioz.
Bestetik, Israelgo bonbardaketen ondorioz urriaren 7a eta 26a bitartean Gazan hil ziren 6.747 lagunen zerrenda argitaratu du Hamasek. Zerrenda horretan, identifikatu ezin izan dituzten 281 hildakoak falta direla gaineratu du.