Mundua -

Israel-Hamas

EBko estatu kideek akordioa adostu dute, Israeli "eten humanitarioa" eskatzeko

Espainiak eta Irlandak, esaterako, nahiago zuten deklarazioak su-etena eskatzea, baina Alemania eta Austria, besteak beste, ez dira ados agertu horrekin, eta hasieratik egin dute geldialdi humanitarioak erreklamatzearen alde. Aukera hori nagusitu da azkenea.

Helburua da laguntza humanitarioa herritarrengana helaraztea. Argazkia: EFE
Helburua da laguntza humanitarioa herritarrengana helaraztea. Argazkia: EFE
Helburua da laguntza humanitarioa herritarrengana helaraztea. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko buruzagiek "korridore eta geldialdi humanitarioak" eskatu dituzte ostegun honetan Bruselako goi-bileran, Gazako Zerrendari laguntza emateko.

"Europako Kontseiluak kezka larria adierazten du Gazako egoera humanitario okerragatik, eta laguntza humanitario jarraitua, azkarra, segurua eta oztoporik gabea eskatzen du laguntza behar duten guztiengana iristeko, beharrezko neurri guztien bitartez, korridore eta geldiune humanitarioak barne", jasotzen du liderrek onartu dituzten ondorioen zirriborroak.

Espainiak eta Irlandak, esaterako, nahiago zuten deklarazioak su-etena eskatzea, baina Alemania eta Austria, besteak beste, ez dira ados agertu adierazpen horrekin, eta hasieratik egin dute geldialdi humanitarioak erreklamatzearen alde. Aukera hori nagusitu da azkenean.

Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroak nabarmendu duenez, "inork ez du geldialdi humanitarioen aurka egiten", baina "su-etena eskatzen baduzu, ondorioztatzen duzu Israelek ezin duela bere burua defendatu". Europar Batasuna ados dago horrekin, betiere nazioarteko zuzenbidearen mugen barruan. Ildo horretan, iturri diplomatiko baten esanetan, "Europa su-etena eskatzen ari dela ulertuko lukeen norbait balego, arazoa izango litzateke".

EBk inguru hartan dituen kideekin lan egiteko konpromisoa hartu du, zibilak babesteko eta elikagaiak, ura, laguntza medikoa, erregaia eta herritarrak babesteko, "erakunde terroristek laguntza hori gaizki erabiltzen ez dutela bermatuta".

Urriaren 7an Hamasek Israelen egindako erasoaldian bahitu zituen pertsona guztiak askatzeko ere eskatu diote buruzagiek Erresistentzia Mugimendu Islamikoari.

Europako buruzagiek nabarmendu dute beharrezkoa dela gerrak eremu hartako beste herrialde batzuetara ez zabaltzea, eta, horretarako, kideekin harremanak izateko konpromisoa hartu dute, Palestinako Aginte Nazionala barne.

Goi-bileraren ondorioen arabera, "EB prest dago bi estatuen arteko konponbidean oinarritutako prozesu politikoa berpizten laguntzeko", eta "laster" bakerako nazioarteko konferentzia bat egitea babesten du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Giza eskubideak Ekialde Hurbila