Mundua -
Gatazka Ekialde Hurbilean
Gutxienez 50 bahitu hil dira Israelek Gazaren aurka egindako bonbardaketetan, Hamasen arabera
Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduko Ezzedin al Qassam Brigadek 50 bat "preso sionisten" heriotza baieztatu du, Gazaren aurkako "bonbardaketen eta sarraskien" ondorioz.
Agentziak | EITB Media
Hamas Erresistentzia Mugimendu Islamikoak gaur jakitera eman duenez, gutxienez 50 bahitu hil dira Israelgo indarrek Gazako Zerrendaren aurka egindako bonbardaketen ondorioz.
Konkretuki, Hamaseko Ezzedin al Qassam Brigadek baieztatu dute 50 bat "preso sionista" hil direla Gazako Zerrendan "bonbardaketa eta sarraskien" ondorioz, Filastin egunkariak argitaratutako informazioaren arabera.
Horrela egin diete erreferentzia urriaren 7an Hamasek Israelen aurka abiatutako erasoaldian bahitu zituzten pertsonei. Eraso hartan 1.400 pertsona inguru hil zituzten.
Gaur bertan, Israelgo agintariek baieztatu dute talde armatu palestinarrak gutxienez 224 pertsona bahitu zituela eraso horietan, eta ordutik gatazkan 309 soldadu israeldar hil direla gaineratu dute. Askatutako lau bahituak ez daude zerrendan sartuta.