Mundua -
ISRAEL-HAMAS
6.500 pertsona baino gehiago hil dituzte Israelen bonbardaketek Gazan
Guztira, 2.704 haur hil dituzte Gazako Zerrendan azken 19 egunotan. Hori dela eta, berehala su-etena adostea eta laguntza humanitarioa sartzen uztea eskatu du Unicef NBEren agentziak.
EITB Media
Gazako Osasun Ministerioak gaur zabaldutako datuen arabera, 6.500 baino gehiago dira azken 19 egunotan Gazako Zerrendan hil diren herritarrak, Israelgo bonbardaketen ondorioz. Horietatik, 2.704 haurrak dira, 1.584 emakumeak eta 364 adineko pertsonak. Israelen, berriz, Hamas talde islamiarrak urriaren 7an egindako erasoan 1.400 pertsona hil zituzten.
Gaurkoa azken egunotako odoltsuena izan dela ere esan du Osasun Ministerioak. Orotara, 756 palestinar hil dituzte, tartean, 344 adin txikiko. Halaber, iturri horrek jakinazi du Gazako osasun sistema guztiz kolapsatuta dagoela erregai ezagatik eta Israelgo Armadaren etengabeko bonbardaketengatik.
Bestalde, Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak (Unicef, ingelesez) salatu du egunean 400 haur baino gehiago hil edo zauritzen direla Gazako Zerrendan, Israelen bonbardaketen ondorioz.
"Haurrak hiltzea, mutilatzea eta bahitzea, ospitaleei eta ikastetxeei eraso egitea eta laguntza humanitarioa sartzen ez uztea haurren eskubideen urraketa larriak dira", esan du Adele Khodr Ekialde Erdiko eta Afrika Iparraldeko Unicefeko zuzendariak. Unicefek su-etena adosteko, laguntza humanitarioa Gazan sartzen uzteko eta bahitu guztiak askatzeko eskatu die aldeei: "Gerrak ere arauak ditu. Zibilak babestu behar dira, bereziki haurrak, eta egoera guztietan horiek babesteko ahaleginak egin behar dira".
Gazako Zerrendako umeek bizi duten egoera "latzari" erantzuteko asmoz, hainbat eskari egin ditu Unicefek: berehala su-eten humanitarioa adostea, laguntza humanitarioa sartzeko Gazako sarbide guztiak irekitzea, egoera kritikoan dauden gaixoei Gazatik irtetea ahalbidetzea eta azpiegitura zibilak errespetatzea eta babestea, hala nola babeslekuak, ikastetxeak, eta osasun, elektrizitatea eta ur saneamendu instalazioak.