Mundua -
Israel-Hamas gerra
Israelen atxilotutako Gazako 4.000 langile inguru non dauden ez dakitela salatu dute hainbat GKEk
Astelehen honetan, Israelgo giza eskubideen aldeko sei taldek eskaera bat aurkeztu diote Auzitegi Gorenari, azken bi aste hauetan "atxilotu guztien izenak eta kokalekuak" jakinaraztea eskatzeko Gobernuari.
Agentziak | EITB MEDIA
Azken bi asteetan, Israelen lan egin ohi zuten Gazako 4.000 palestinar inguru atxilotu ditu Israelgo Armadak, non dauden eta atxiloketen arrazoiak zeintzuk izan diren zehaztu gabe.
Atxilotutako pertsonen inguruko informazio faltak kezka piztu du, eta Israelgo giza eskubideen aldeko sei taldek eskaera bat egin diote Israelgo Auzitegi Gorenari, Israeli "atxilotu guztien izenak eta kokalekuak" eta "Zisjordanian legez kanpo atxilotutakoak askatzea" eskatzeko.
Gazako 18.500 pertsona inguruk lan egiteko baimena zuten Israelen, baina hango agintariek bertan behera utzi zituzten baimenok urriaren 7an gatazka piztu ondoren. Ordutik, milaka pertsona okupatutako Zisjordaniara joan behar izan dira, eta horietako asko atxilotu dituzte Israelgo segurtasun indarrek, giza eskubideen aldeko hainbat GKEren arabera.
Gaur egun, "zehaztu gabeko lekuetan atxilotuta daude, haiei buruzko informazio gutxirekin, egoera juridiko ez oso argian eta legezko baliabiderik gabe", salatu dute egunotan Adalah-k, Giza Eskubideen aldeko Medikuak, Hamoked-ek eta Torturaren aurkako Israelgo Batzorde Publikoak.
Adierazi dutenez, egun hauetan euren familiak harremanetan jarri dira Gazan, baina Israelgo agintariek ez dute jakinarazi nahi izan euren senideak non dauden atxikita.
Horren aurrean, GKEek Israeli eskatu diote "atxilotu eta preso guztiak non dauden jakiteko informazioa eman dezala, bere legezko betebeharrak betez". Era berean, "palestinar guztientzako neurri arbitrario eta zigortzaileak" aplikatzea salatu dute.
Tokiko prentsaren arabera, Gazako milaka atxilotu horiek Zisjordaniako Ofer espetxearen eta base militarren artean sakabanatuta egongo lirateke, Israelgo indarrek Palestinako lurraldean atxilotze sarekada luzeak egiten jarraitzen duten bitartean.
Egoera ikusita, Israelgo sei GKEk "premiazko eskaera" aurkeztu diote gaur Israelgo Auzitegi Gorenari, "euren borondatearen aurka eta legezko oinarririk gabe" atxilotutako pertsonak askatzeko eskatuz.
Azpimarratu dutenez, Israelek "mendeku ekintza ilegala" egin du Gazako langileen lan-baimenak "modu masiboan baliogabetuta", are gehiago gerra piztu eta horietako asko atxilotu ostean.
Gatazka hasi zenetik, Israelgo Armadak baieztatu egin du 800 palestinar atxilotu dituela Zisjordanian, tartean 500 baino gehiago Hamaseko afiliatutzat jotzen dituenak. Era berean, bart gauean talde islamistako 37 kide atxilotu zituela dio.
Goizaldean, Israelgo indarrek sarekada handiak egin zituzten Zisjordaniako hainbat lekutan, eta 123 pertsona atxilotu zituzten, tartean Gazako 40 langile.
Israelgo albistegien 12 Kanalaren arabera, duela 17 eguneko Hamasen erasoari buruzko informazioa eman edo hura prestatzen parte hartu zuten langileak egon ote ziren ikertzen ari da Israel.