Mundua -
Israel-Hamas gerra
5.000tik gora dira Israelen bonbardaketen ondorioz Gazan hildakoak
Hildakoetatik, % 40 haurrak dira eta % 22 adinekoak. Israelen, berriz, Hamasen erasoek 1.400 hildako inguru utzi dituzte, eta 220 pertsona bahituta daude.
Agentziak | EITB Media
20 kamioiz osatutako hirugarren konboi batek gurutzatu du gaur Rafahko pasagunea, hots, Egipto eta Gaza lotzen dituena. Botikez, osasun materialaz eta haurrentzako formulako esneaz beteta daude kamioiok, eta laguntza Gazako Zerrendan banatzen hasi baino lehen, Israelek gainbegiratu behar ditu, aurreko bietan gertatu bezala.
Gaurkoarekin, 54 dira larunbatetik Gazan sartutako kamioiak —gerra hasi baino lehen, abuztuan, egunero 400dik gora sartzen ziren—. Laguntza humanitarioa tantaka ari da sartzen Zerrendan, Israelgo erasoen mehatxupean. Atzo bertan Tel Avivek berak aitortu zuenez, Egiptoko muga zaintzeko poliziaren kontra egin zuten tiro, "nahastuta" nonbait. Bi agente egiptoar arin zauritu ziren.
Jalid Zayed Ilargi Gorriak Iparraldeko Sinain duen buruaren arabera, egunean zehar beste 40 bat kamioi sartuko dira. Elikagaiak, botikak eta bestelako materialak sartuko eramango dituzte.
Erietxeak, "kolapsoan sartzear"
Laguntza humanitarioa behar-beharrezkoa dute Gazako Zerrendan. Eremu palestinar horretako ospitale nagusiak, Shifa Hospital delakoa, eta beste osasun zentro batzuk "kolapsoan sartzear" daudela jakinarazi du Nazio Batuen Laguntza Humanitarioa kudeatzeko Bulegoak. Batez ere argindarra, medikamentuak eta osasun langileak falta dira, zehaztu dutenez.
Gazako egoeraren inguruan egunero egiten duen txostenean jaso duenez, Shifako ospitale hori 5.000 gaixo artatzen ari da, berez bere gehienezko edukiera 700 pertsonakoa denean. Horiei guztiei bonbardaketetatik ihesi babes bila joandako 45.000 desplazatuak batu behar zaizkie. "Gaixo asko eta asko lurrean artatzen dituzte, ohe nahikorik ez dagoelako", azaldu dute.
Bestalde, Palestinako Errefuxiatuentzat NBEk duen Agentziak (UNRWA, ingelesez) ohartarazi duenez, erietxeek gaurko eta biharko baino ez dute erregairik, eta hori gabe ezin diete erietxeei argindarra eman edota gatzgabetzeko instalazioak martxan jarri.
Bonbardaketak areagotu ditu Israelek
Azken orduetan, eta Gazako Osasun Ministerioak egindako kontaketaren arabera, 436 palestinar hil dira. Hortaz, guztira, 5.087 dira hildakoak, eta zauritutakoak 14.245 dira. Hildakoetatik % 40 haurrak dira eta % 22 adinekoak.
Bestalde, Israelek esan du 1.400 direla dira Hamasek hildakoak, eta 220 pertsona baino gehiago bahituta daudela.
Lurreko eraso "errazte" aldera, bonbardaketak areagotu ditu Israelek azken orduetan. Bart 30 pertsona hil ditu, tartean zenbait ume, Yabalia errefuxiatu eremuaren (Gaza iparraldea) kontra egindako aireko erasoan.