Mundua -
Hauteskundeak
Argentinako hauteskundeetako lehen itzulia irabazi, eta Milei ultraeskuindarraren olatua eten du Massak
Jarduneko Ekonomia ministroak irabazi ditu bozkak, lehenengo itzulian, botoen % 36,68 jasota. Mileik, berriz, % 29,98ko babesa lortu du. Azaroaren 19an egingo dute bigarren itzulia, eta orduan jakingo da nork hartuko duen Argentinako presidentetza.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Botoen % 98,51 zenbatuta, Aberriaren Aldeko Batasuna koalizioaren buruak, Sergio Massak, 6,7 puntuko abantaila hartu dio Javier Milei ekonomista ultraliberalaren ultraeskuinari Argentinako hauteskundeetan. Dena den, azaroaren 19an egingo duten bigarren itzulian erabakiko da presidentetza bietako zeinek hartuko duen.
Jarduneko Ekonomia ministroak % 36,68ko babesa jaso du lehen itzulian; Mileik, berriz, % 29,98koa. Iragan abuztuaren 13an egindako Aldi Bereko eta Nahitaezko Primario Irekietako (PASO) emaitzak irauli dituzte, horrenbestez. Orduan, Milei izan zen garaile, botoen % 29,86 jasota, eta Massa bigarren, bozen % 21,43rekin.
Guztira, 9,6 milioi boto-emailek egin dute hautagai ofizialistaren alde, Argentinak bizi duen agertoki sozioekonomiko korapilatsua gorabehera. Urte arteko inflazioa % 138,3koa izan zen irailean, eta pobrezia maila % 40,1ekoa.
Bestalde, 7,9 milioi boto eskuratu dituzte hautagai libertarioaren proposamenek.
Hirugarren lekuan eta bigarren itzulitik at geratu da Elkarrekin Aldaketaren Alde oposizioko koalizio eskuindarra, Patricia Bullrich buru (botoen % 23,83). Primario Irekietako emaitzak hobetu baditu ere (botoen % 16,81), bere alderdiaren babesa galdu du.
Parte-hartzea % 77,65era jaitsi da, diktaduraz (1976-1983) geroztik izandako bigarren txikiena (% 76,20koa izan zen 2007an, Cristina Fernandez peronista estreinakoz garaile atera zenean).