Mundua -

Gerra Gazan

Israelek erasoak areagotu ditu Gazan, eta Zisjordania, Libano eta Siria ere bonbardatu ditu

239 palestinar hil dituzte azken 24 orduetan Gazako Zerrendan, gutxienez horietako 117, haurrak. Egunaren amaieran izan da azken erasoa Jabaliako errefuxiatu gunean. 13 pertsona hil dira eta 27 zauritu, adin txikikoak gehienak.

Hondakinen artean harrapatutako gizon bat erreskatatzeko lanak, Yan Yunisen. Argazkia: EFE.
Hondakinen artean harrapatutako gizon bat erreskatatzeko lanak, Yan Yunisen. Argazkia: EFE.
226 palestinar hil dituzte azken 24 orduetan Gazako Zerrendan

0:36

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 239 pertsona hil ditu Israelgo Armadak azken 24 ordutan Gazan egindako bonbardaketetan, 117 haur baino gehiago tartean, Gazako Gobernuaren Prentsa Bulegoaren arabera. Bonbardaketa gehienak Zerrendaren hegoaldean gertatu dira; hain zuzen ere, Israelek zibilei bertatik joateko esan zien gunean.

Azken erasoa igandeko azken orduan izan da, Jabaliako errefuxiatu gunean, Gazako Zerrendaren iparraldean. Gutxienez, 13 pertsona hil dira eta 27 zauritu.

Jabaliako bi etxebizitzaren gainera bota dituzte bonbak, Al Jazeera telebistak mediku iturriak aipatuta jakitera eman duenez. Zauritu gehienak adin txikikoak dira, eta Gazako Indonesiar Ospitalera eraman dituzte.

Bien bitartean, ospitaleek argindarrik gabe jarraitzen dute erregai faltagatik, eta egoera muturrekoa da. UNRWA Errefuxiatu Palestinarrentzako Nazio Batuen Agentziak ohartarazi duenez, laguntza humanitarioarekin erregaia sartzen ez bada, laguntza horrek ez du ezertarako balioko, ospitaleek ezin dutelako argindarrik gabe funtzionatu.

Orain arte, 25 osasun-zentro kaltetu dira Israelen bonbardaketetan, eta 49 osasun-langile hil dituzte duela 16 egun erasoaldia abiatu zutenetik.

Gainera, UNRWAko 29 langile ere hil dituzte bonbardaketetan guztira, 13 gehiago zenbatu ostean.

Yan Yonis, Zirjordania. EFE.

Gazako lurreko erasoaldia luzea izango dela eta "Hamasen amaiera" izango dela ohartarazi du Israelek

Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak adierazi du gerraren hurrengo fasean Gazan egingo den lurreko erasoaldiak "hilabeteak" iraun ditzakeela, baina amaitzen denean Hamas ez dela existituko esan du.

"Lurreko erasoaldiak Gazako azken maniobra izan behar du, horren ondoren Hamas ez delako existituko", adierazi du ministroak Israelgo Aire Armadak Tel Aviven duen aginte-zentrora egindako bisitan.

"Hilabete beharko da, edo bi, edo hiru, baina azkenean ez da Hamasik izango", berretsi du.

Gazako Zerrendako etxebizitzen % 42 suntsitu dituzte

Gazako Zerrendako Etxebizitza Ministerioaren arabera, Zerrendako 164.000 etxebizitza, lurraldeko guztien % 42, "partzialki edo erabat suntsituta" geratu dira Israelek urriaren 7an bonbardaketak hasi zituenetik.

Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoaren (OCHA) esanetan, Israelen bonbardaketak hasi zirenetik, 1,4 milioi pertsona desplazatu daude Gazan, eta gutxienez 566.000 errefuxiatu daude UNRWA Errefuxiatu Palestinarrentzako Nazio Batuen Agentziak prestatutako eremuetan.

Gazako Osasun Ministerioaren azken balantzearen arabera, bart gauera arte, 4.650 palestinar hil (1.900 haur, tartean) eta 14.245 zauritu dira Israelek urriaren 7an milizia palestinarren erasoaldiari erantzunez Zerrendan egindako erasoen ondorioz. Gainera, hondakinen artean gutxienez 1.500 desagertu daudela kalkulatu dute.

Bestalde, gerrak 1.400 hildako eragin ditu egunotan Israelen, 212 bahitu Gazan eta 100 bat desagertu.

Zisjordaniari ere eraso diote

Israelek hainbat meskitari eraso die egunotan, eta horietako bat da, hain zuzen, Jeninen (Zisjordania) bart bonbardatu duten Al Anatsari meskita. Hamasek erasoak antolatzeko base gisa erabiltzen zuela argudiatu du Israelek. Gutxienez pertsona bat hil da eraso horretan. Duela bi aste erosoak hasi zirenetik, 90 pertsona hil dira Zisjordanian. Gazako agintariek baieztatu dutenez, Israelek 26 meskita suntsitu ditu bi asteotan.

Al Ansari meskita, suntsituta. EFE.

Siria eta Libano

Gainera, bi zibil hil ditu Israelek Damaskoko eta Alepoko (Siria ipar-mendebaldea) nazioarteko aireportuen aurka misilez egindako eraso batean, Siriako iturri militarrek gaur jakitera eman dutenez. Siriako Garraio Ministerioaren hitzetan, hegaldiak Siriako ipar-mendebaldeko Latakia hiriko aireportura transferitu dituzte, Damaskon eta Alepon kalteak izan baitira.

Bestetik, Israelgo Defentsa Indarrek igande honetan iragarri dutenez, 14 kokaleku berri bilduko dituzte herrialdearen iparraldean egingo duten ebakuazio planean. Plan horrek Libanoko mugatik gertu dauden udalerrietan bizi diren zibil israeldarrak ebakuatzea aurreikusten du, Israelgo Armadaren eta Hezbollah Libanoko alderdi islamista eta milizia xiitaren arteko tentsioen gorakadaren aurrean.

Azken hamabost egunetan, gutxienez 38 pertsona hil dira Libanoren eta Israelen arteko liskarretan: 6 Israelen (5 soldadu eta zibil bat) eta 32 Libanon (8 zibil, Reuters agentziako kamerari bat tartean, Hezbollahko 18 kide eta milizia palestinarretako 6).

Gutxienez bederatzi egiptoar zauritu ditu Israelek Gazako mugan

Bonbardaketek Egipto ere harrapatu dute. Gaur, gutxienez bederatzi egiptoar zauritu dituzte eta kontrol-dorre bat suntsitu dute Israelek Gazako mugan duen postu militar baten aurka egindako tiroen ondorioz, zenbait iturriren arabera.

Egiptoko segurtasun iturri batek adierazi duenez, "zaintza dorrea suntsitzeaz gain, leherketak bederatzi egiptoar zauritu ditu, baina gehiago izan daitezke". Israelek berehala aitortu du erasoa, eta "akats bat" izan dela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Siria gaur Ekialde Hurbila Zer gertatzen ari da Libanon?