Mundua -

Hamas-Israel gerra

Itxi dute Rafahko pasabidea, laguntza humanitarioa zeramaten 20 kamioiak Gazan hustu ostean

Israelgo Armadak ohartarazi du ez duela laguntza iparraldera eramaten utziko, bertako biztanleei berehala ateratzeko eskatu baitie Hamasen aurkako erasoak egiteko.

Laguntza humanitarioa daramaeten kamioiak, Rafahko pasabidea igarotzen. Argazkia: Efe
Laguntza humanitarioa daramaeten kamioiak, Rafahko pasabidea igarotzen. Argazkia: Efe
Hasi dira laguntza humanitarioa deskargatzen Gazan

0:43

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazako Zerrenda laguntza humanitarioa jasotzen hasi da, urriaren 7an Hamasen eta Isralen arteko gerra hasi zenetik hornidurarik gabe egon ostean. Atzo, Hamasek bi bahitu estatubatuar askatu zituen, baina Israelen bonbardaketek ez dute etenik, eta 4.000 gazatarretik gora hil ditu jada.

AEBko Gobernuak Israelen duen enbaxadak aurreratu duen moduan, bertan 10:00ak zirenean ireki dute Rafahko pasabidea, eta jakiak eta sendagaiak zeramatzaten 20 kamioi hustu dituzte bertan, muga berriro itxi aurretik.

Pasabidea urriaren 7tik zegoen itxita, eta hori irekitzea izan da nazioarteko negoziazioen lehentasun nagusietako bat, milaka eta milaka gazatar baitaude bizirauteko gutxieneko elikagairik eta sendagairik gabe.

Hamasek berak Al Jazeerari bidalitako ohar batean baieztatu du laguntza jasotzen hasi direla, eta zehaztu du "20 bat kamioi" izango zirela, eta "sendagaiak, medikuek erabiltzeko gailuak eta elikagaiak" eramango zituztela.

Dena dela, Israelgo Armadak ohartarazi duenez, ez du laguntza humanitarioa iparraldera iristen utziko, bertako biztanleei berehala ateratzeko eskatu baitie Hamasen aurkako erasoak egiteko.

Atzo, gutxienez 18 pertsona hil zituen Israelgo Armadak Gazan, San Porfirio eliza ortodoxoari egindako erasoan. Ehunka pertsona zeuden bertan babestuta, familia ugari tartean, haur eta guzti.

Israelgo Armadak aitortu zuen inguru horretan bonbardaketaren bat egin zuela eta "eliza baten paretak kalteak" izan zituela.

Bombardeo de Israel contra Gaza. Foto: Efe

Hamasek 1.400 pertsona hil eta 200 bahitu zituen urriaren 7an Israelgo hegoaldean egindako erasoan, eta Israelen erantzunak oraingoz 4.137 hildako eta 13.162 zauritu utzi ditu. Israelgo Armada lurreko erasoari ekiteko prest dago, baina oraindik ez du abiatu.

Atzo, Abu Obeida Hamasen arlo armatuko Al Qasam Brigaden bozeramaileak iragarri zuen bahituta zituzten bi emakume estatubatuar libre utzi dituztela, "arrazoi humanitarioak" argudiatuta, Qatarren bitartekaritzari esker.

Bestalde, Nazio Batuen Erakundeak jakinarazi duenez, 1,4 milioi gazatarrek alde egin behar izan dute etxetik, hau da, eremuko biztanleen bi herenek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Egipto Eskubide unibertsalak Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean?