Mundua -

Israel-Hamas gerra

Gaza laguntza humanitarioaren zain itota dagoen bitartean, gogor bonbardatzen jarraitzen du Israelek

Hainbat eraikin zibil suntsituta geratu dira eta lau ospitalek funtzionatzeari utzi diote bonben ondorioz, eta dozenaka hildako eta ehunka zauritu utzi dituzte, iturri palestinarren arabera. Bitartean, Israelek esan du bere erasoak "Hamasen postu militarren eta instalazioen aurkakoak" izan direla.

Israelek egindako aire-eraso batek erahildako hainbat zibil Gazan. Argazkia: EFE
Israelek egindako aire-eraso batek erahildako hainbat zibil Gazan. Argazkia: EFE
Gaza hegoaldeko Khan Younis eta Rafah izan dira gaur Israelen jomuga nagusiak

0:39

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelen airetik eraso gogorrak jasaten jarraitzen du Gazak, besteak beste okindegien eta 14 solairuko eraikin baten aurka, eta dozenaka hildako eta ehunka zauritu eragin dituzte, iturri palestinarren arabera. Bien bitartean, tokiko miliziek Israelera koheteak jaurtitzen jarraitzen dute 13. gerra-egunean.

Halaber, Gazako Zerrendako lau ospitalek funtzionatzeari utzi diote, Israelen "etengabeko bonbardaketen ondorioz", Ashraf al Qudra Osasun Ministerioko bozeramaileak ostegun honetan jakitera eman duenez.

Israelgo Armadaren arabera, azken orduotako bonbardaketek "Hamasen ehunka postu militar eta instalazio suntsitu dituzte". Talde islamistako eta milizia palestinarretako goi-kargudunak ere hil dituztela ziurtatu dute, eta, besteak beste, Rafat Harb Husein Abu Bilal Gazako hirugarren miliziarik handiena den Herri Erresistentziaren Batzordeen alde militarreko burua dagoela horien artean erantsi dute.

Yamila al Shanti Hamaseko bulego politikoan egon zen lehen emakumea ere gaur hil da, Israelek Gazan egindako bonbardaketa baten ondorioz.

Gainera, Gazako Gobernuaren hedabideen bulegoaren arabera, gaurko erasoaldian Jihad Muheisen ere hil da, Gazan Hamasek kontrolatzen duen segurtasun militarreko organoa den Segurtasun Nazionaleko Indarren komandantea.

Gaur, miliziek Israelera koheteak jaurtitzen jarraitu dute, Gazatik gertuko komunitate israeldarretan eta Tel Aviv hirian alarmak joaraziz, eta Qasameko brigadek (Hamasen beso armatua) koheteak jaurti dituzte Ashkelonera.

Israelen eta Zerrendako milizia palestinarren arteko gerra eskualde honetako bortitzena da hamarkadetan; urriaren 7an piztu zen, Hamasek Israelen aurkako erasoaldia egin eta 1.400 hildako utzi zituenean.

Bestalde, Israelen bonbardaketen ondorioz Gazan hildakoak 3.785 dira dagoeneko, eta gutxienez 2.604 emakume, haur eta adineko daude horien artean, Gazako Osasun Ministerioak gaur jakitera eman duenez.

Gutxienez lau ospitale zerbitzuz kanpo

Telebistan egindako adierazpen batean, Gazako Zerrendako Osasun Ministerioko bozeramaileak zehaztu du kaltetutako osasun zentroak Beit Hanun, Al Durra, Al Karama eta Gaza hiriko Nazioarteko Oftalmologia ospitaleak direla.

Halaber, baieztatu du Turkia-Palestina Adiskidetasunaren Ospitaleak (Gazan zerbitzu onkologikoak eskaintzen dituen zentro bakarra) partzialki funtzionatzeari utzi diola erregai eta elektrizitate faltagatik, eta haren atal batzuk, Larrialdiak kasu, zerbitzutik kanpo daudela.

Rafahko pasabidea noiz irekiko zain

NBEk eta GKEek 3.000 tona hornigai pilatu dituzte Egiptoko iparraldean, eta Rafahko pasabidea irekitzeko zain daude. Israelek kontrolatzen ez duen Gazako Zerrendako mugako puntu bakarra da, eta laguntza humanitarioa jasotzeko ezinbesteko puntua, gatazkaren egungo gorakadaren aurrean.

Israelgo Gobernuak asteazkenean onartu zuen laguntza hori sartzen uztea, eta argi utzi zuen ez zituela bere kontrolpeko pasabideak irekiko, eta edozein bidalketa Rafahren bidez egin behar zela. Egiptoko agintariek oniritzia eman diote horri, baina ez dute neurri zehatzik hartu oraindik.

Eskolen aurkako erasoak errefuxiatu-guneetan

Ekialde Hurbileko Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziak (UNRWA) azken egunotan Israelek Gazako Zerrendako Al Maghazi eta Bureij errefuxiatu-eremuetako bi ikastetxeren kontra egindako bonbardaketak salatu ditu.

Tamara Alrifai UNRWAko bozeramaileak azaldu duenez, eraso horiek Zuzenbide Humanitarioaren "urraketa larria" dira: "Errefuxiatu-esparru gainpopulatuetan egindako erasoak, non desplazatuak NBEko eskoletan babesten diren, guztiz zirraragarriak dira niretzat eta nire lankideentzat".

Gazako agintariek bezperan salatu zuten Israelek beste bonbardaketa bat egin zuela Khan Yunisen, Gazako Zerrendaren hegoaldean, eta gutxienez lau pertsona hil eta 50 zauritu zirela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Giza eskubideak Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean?