Mundua -

Israel-Hamas gerra

Bidenek Israelen bertsioa babestu du: "Badirudi beste bandoaren kontua dela"

Gazako ospitalearen kontra egindako bonbardaketa dela eta, "suminduta" dagoela aitortu du AEBko presidenteak Israelera heltzean. Erasoak bidaia baldintzatu du, izan ere, Jordaniak bertan behera utzi du Gazako Zerrendara laguntza humanitarioa sartzeko negoziazioetan aurrera egin asmo zuen bilera.

Netanyahu eta Biden, aireportuko pistan. Argazkia: EFE
Netanyahu eta Biden, aireportuko pistan
Netanyahuk eta Herzogek Tel Aviveko aireportuan bertan egin diote harrera Joe Bideni

0:39

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joe Biden AEBko presidenteak ontzat eman du Israelek Gazako Ahli Arab Hospital erietxearen kontra egindako bonbardaketari buruz defendatzen duen bertsioa —Jihad Islamiarrak egindakoa dela dio— eta azpimarratu duenez, eskura dituen datuen arabera, "badirudi beste bandoaren kontua dela". 

Tel Avivera heldu berritan, adierazpen labur batzuk egin ditu Bidenek, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin bildu aitzin. Horren hitzetan, "triste eta suminduta" geratu da erasoaldiaren ostean. 

"Orain arte ikusi dudanagatik, badirudi beste bandoaren kontua izan dela, ez zuona", esan du Israelego agintariak aurrean zituela. Dena dela, aitortu du "jendea askok ez du argi zer gertatu zen". 

Air Force One hegazkinak 10:55ean lur hartu du Tel Aviven (09:55 Euskal Herrian), eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa eta Isaac Herzog presidentea aireportuko pistan bertan zain zituen AEBko presidenteak.

Biden Netanyahurekin eta Herzogekin bilduko da, Israelek Hamasengandik defendatzeko dituen beharrak bertatik bertara ezagutzeko. Aurreikusitakoaren arabera, Netanyahurekin bilduko da aurrena, "buruz buruko bilera txiki batean". Halaber, honakoekin ere batzartuko da: Israelgo gerra kabinetea eta segurtasun indarrak, eta Hamasen erasoaldietan hildako eta bahitutako pertsonen senitartekoak. 

Aste hasieran iragarritako bidaiak gakoa izan nahi zuen Gazako Zerrendara laguntza humanitarioa sartzeko negoziazioak desblokeatzeko. Erasoaldi handiaren ostean, baina, berez zailak ziren elkarrizketak are nekezagoak izango dira. 

Horren ildotik, Jordaniak bertan behera utzi du Bidenekin, Mahmud Abas Palestinako Aginte Nazionaleko buruarekin, Jordaniako Abdala erregearekin eta Egiptoko presidentearekin egin beharreko batzarra. Lauren arteko goi-bilera Biden Tel Aviven egon ostean zen egitekoa, Gazan korridore humanitarioak zabaltzeko aukera hizpide hartzeko. 

John Kirby Etxe Zuriko Segurtasun Nazionaleko bozeramaileak atzo jakinarazi zuenez, Bidenek Ammanen egin beharreko bilera bertan behera uzteko erabakia lau kideek adostuta hartu zuten. "Bidenek Jordaniako Abdala erregearekin hitz egin du arratsaldean, eta biok adostu dute hau ez dela une egokiena bilera egiteko. Abas presidenteak argi utzi du, ulertzekoa den moduan, etxean eman nahi dituela Palestinan ezarritako dolu egunak".

Air Force One hegazkinean zela egin zituen adierazpenak Kirbyk, Biden bera ondoan zuela. Gazako ospitalearen kontra egindako bonbardaketa gorabehera, bidaia egitea erabaki zuen atzo AEBko presidenteak. "Presidentea telefonoz aritu da Al Sisirekin (Egiptoko presidentea) eta Abasekin (Palestinako Aginte Nazionala), eta bihar ere (gaurko egunagatik) hitz egingo du, etxera bueltako hegaldian", zehaztu zuen Kirbyk. Biden Netanyahurekin ere harremanetan izan zela argitu du bozeramaileak. Israel bonbardaketaren egilea ez dela berretsi omen zion. AEB erasoaldiaren inguruko "informazio ahalik eta gehiena" biltzen ari dela erantsi du Kirbyk. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Egipto Joe Biden Ekialde Hurbila Jordania gaur