Mundua -
Israel-Hamas gerra
Sanchezek baieztatu du Hamasek Ivan Illarramendi bahituta duela
Aldez aurretik, Israelgo Kanpo Ministerioak Espainiako bandera sartu du Hamasen esku dauden bahituei buruzko mezu batean.
Agentziak | EITB Media
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko jarduneko presidenteak baieztatu egin du Ivan Illarramendi bilbotarra bahituta duela Hamasek, eta hura aske uztea eskatu du.
Sanchezek agerraldia egin du Moncloa Jauregian, Israelen eta Hamasen arteko gerra aztertzeko Europar Batasunak bideokonferentziaz egindako goi-bileraren ostean.
Agintariak azpimarratu du beharrezkoa dela bi estatuak (Israel eta Palestina) aintzatestea gatazkari konponbidea emateko, eta Mediterraneoaren Aldeko Batasuna eskaini du eztabaida-foro gisa, bi aldeek negoziatzeko.
Aldez aurretik, Israelgo Atzerri Ministerioak Espainiako bandera sartu du urriaren 7ko erasotik bahituta dauden pertsonen nazionalitateari buruzko mezu batean; horrela, Ivan Illarramendi bilbotarra Hamasen esku dagoela baieztatu du.
Jose Manuel Albares Espainiako jarduneko Atzerri ministroak iragarri zuenez, Espainiako nazionalitatea zuten bi pertsona izan ziren Hamasen erasoan "kaltetuta". Ondoren, Espainiako Gobernuak baieztatu zuen horietako bat, Maya Villalobo, hilda zegoela. Bestea Illarramendi zen, eta, beraz, mezuan Espainiako bandera sartuta, Israelek bahituta dagoela berretsi du.
Israelgo Gobernuak azpimarratu duenez, "gaur egun 40 herrialde baino gehiagoko atzerritarrak daude Hamasek bahituta". "Guraso, seme-alaba eta gizaki gisa, eskatzen dizuegu beren istorioak partekatzeko, etxera ekartzen laguntzeko", gehitu du.
Euskal herritarraren familiak ez du bere berririk, baina, gertuko senide batek EITB Mediari azaldu dionez, itxaropen izpi berri bat du, Israelgo Ministerioak argitaratutako bideoa dela eta.
Illarramendi emaztearekin zegoen Kissufim kibbutzean, Gazako Zerrendaren mugatik gertu, Hamaseko milizianoek kubbutz horri eraso ziotenean.