Mundua -
Israel-Hamas gerra
Gutxienez 500 pertsona hil dituzte Gazako ospitale batean egindako bonbardaketa batean
Gazako Osasun Ministerioak Israeli leporatu dio sarraskia. Israelgo Armadak, ostera, esan du erasoaren atzean Jihad Islamiarra dagoela. Talde armatu palestinarrak adierazi duenez, baina, Israelgo agintariak "gezurrak asmatzen" ari dira "euren erantzukizuna saihesteko".
AGENTZIAK | EITB Media
Gazako ospitale nagusia bonbardatu dute gaur, eta, ondorioz, ehunka pertsona hil dira. Hain zuzen ere, Gazako Osasun Ministerioaren esanetan, hildakoak 500 baino gehiago dira. Hala, urriaren 7an Hamasen eta Israelen arteko gerra lehertu zenetik izandako eraso odoltsuena izan da gaurkoa. 3.000 pertsonatik gora hil dituzte orain arte Gazan, eta 1.400 Israelen.
Maan palestinar albiste-agentziak zehaztu duenez, ospitalean 2.000 pertsona inguru zeuden gotortuta, erasoa izan denean. Bonbardatutako ospitalea Ahli Arab Hospital izenekoa da, hots, osasun-etxe kristau bat.
Agiri batean, Hamasek salatu du bonbardaketa "genozidioa" dela, eta hildako gehienak "familia desplazatuak, pazienteak, umeak eta emakumeak" direla. Gazako Osasun Ministerioak, bestalde, Israeli leporatu dio zuzenean sarraskia.
Israelek, baina, ez du bere gain hartu erasoa eta erasoaren atzean Jihad Islamiarra dagoela ziurtatu du. Israelgo Armadako bozeramaile baten esanetan, milizia islamiarren akats baten ondorioa izan da gertatutakoa. "Inteligentzia zerbitzuek baieztatu dute Jihad Islamiarrak oker jaurtitako kohete batek ospitalearen kontra egin duela eztanda", esan du.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak ere hitz egin du gaiaz, eta horrek "Gazako terrorista barbaroak" jo ditu erasoaren entzule. "Munduak jakin beza: Gazako terrorista barbaroak dira Gaza ospitalearen kontra egin dutenak, eta ez Israelgo Armada", zehaztu du agiri batean.
Jihad Islamiarra talde armatu palestinarrak adierazi duenez, Israelgo agintariak "gezurrak asmatzen" ari dira bonbardaketaren egiletzaren inguruan, "euren erantzukizuna saihesteko".
"Jihad Islamiarraren aurkako akusazioek ez dute etsaia sarraskiaren erantzukizunetik libratuko. Etsaia gezurrak asmatzen ari da, beti bezala, sarraskiaren erantzukizuna saihesteko", azaldu dio Al Mayadin telebista kate panarabiarrari.
Gainera, esan duenez, bere milizianoek "ez dute gurtza tokirik edo instalazio publikorik erabiltzen, ospitaleak bereziki, armak gordetzeko edo koheteak jaurtitzeko kokaleku edo posizio militar gisa".
Bestalde, ospitaleak Israelgo Armadaren abisu esplizituak jaso zituela gogorarazi du, eta, beraz, "etsaiak aurkeztutako kontakizun kontraesankorrek euren gezurrak agerian uzten dituzte", azpimarratu du.
Bien bitartean, Mahmud Abas Palestinako presidenteak Israel egiten ari den "genozidioa" salatu du, eta nazioarteari "sarraskia gelditzeko berehala esku hartzeko" eskatu dio. "Isiltasuna jada ez da onargarria", adierazi du komunikatu batean.
Ammanen harrapatu du erasoak Abas, eta, albistearen berri izan orduko, Palestinarako bidea hartu du. Jordaniako hiriburuan Joe Biden AEBetako presidentearekin biltzeko asmoa zuen —hori Benjamin Netanyahu Israelgo presidentearekin ere bilduko da—. Gainera, Palestinako presidenteak, Ramallahra bidean, larrialdiko bilera bat deitu du.
Nazioarteko gaitzespenak
Erasoaren ostean, Liga Arabiarrak "tragedia" gelditzeko eskatu dio Mendebaldeari. "Nork eraso diezaioke nahita armarik gabeko jendea hartzen duen ospitale bati?", galdetu du.
EBren ezohiko goi-bileraren ostean, Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak adierazi du "azpiegitura zibil" baten kontrako bonbardaketak nazioarteko zuzenbidea urratzen duela. Bestalde, Ursula von der Leyen Batzordeko presidenteak ez du iritzirik eman nahi izan, "baieztapenaren" zain zegoelako.
Egiptok irmo gaitzetsi du erasoa, eta "nahita" egindakoa eta "nazioarteko zuzenbidearen aurkakoa" dela nabarmendu du. Era berean, Gazako herritarren aurkako "zigor kolektiboak" bertan behera uzteko eskatu dio Israeli, eta esku hartzeko nazioarteari.
Jordaniako Atzerri ministroak ere "gogor" gaitzetsi du ospitalearen aurkako erasoa, baita Turkiak ere. Recep Tayyip Erdogan presidentearen arabera, "Israelen erasoek giza baliorik oinarrizkoenak ere ez dituztela adierazten duen azken adibidea" da "emakumeak, haurrak eta zibilak dauden ospitalearen" kontrako bonbardaketa.
Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak salatu du bonbardaketa "beldurgarria eta onartezina" dela.
Munduko Osasun Erakundeak ere "gogor gaitzetsi" du sarraskia. "Lehen txostenek ehunka hildako eta zauritu adierazten dituzte. Zibilak berehala babestea eta osasun-arreta ematea eskatzen dugu, eta ebakuazio-aginduak atzera botatzea", idatzi du Tedros Adhanom zuzendari nagusiak X sare sozialean.