Mundua -
Israel-Hamas gerra
Tentsio diplomatikoa sortu da Espainiako Gobernuaren eta Israelen artean, Enbaxadak egindako kritiken ostean
Ione Belarra ministroa zuzenean aipatu ez bazuen ere, Israelek Espainian duen Enbaxadak "Hamasekin lerrokatuta" egotea egotzi zion Sanchezen gobernuari, Podemosen buruzagiak egindako adierazpen batzuengatik. Espainiako Gobernuak erabat ukatu ditu egotzitakoak.
Agentziak | EITB Media
Krisi diplomatikoa piztu da Espainiako Gobernuaren eta Israelen artean, Ekialde Hurbileko gatazka tarteko. Espainiako Gobernuko Atzerri Ministerioak oharra kaleratu zuen atzo, Israelek Espainian duen Enbaxadaren beste idatzi bati erantzunez. Ione Belarra ministroa zuzenean aipatu ez bazuen ere, Enbaxadak "Hamasekin lerrokatuta" egotea egotzi zion Sanchezen gobernuari, Podemosen buruzagiak egindako adierazpen batzuengatik. Espainiako Gobernuak erabat ukatu zituen enbaxadak egotzitakoak, eta "faltsukeriatzat" jo.
Atzerri Ministerioak nabarmendu zuenez, Espainiako Gobernuak jarrera argia erakutsi du Hamasen erasoen aurrean: "Gaitzespen erabatekoa, bahitutakoak berehala eta baldintzarik gabe askatzea eskatzen dugu, eta Israelek bere burua defendatzeko duen eskubidea aitortzen dugu, betiere Nazioarteko Zuzenbidea eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa errespetatuta".
Espainiako Gobernuaren arabera, Palestinako herria eta Hamas ezberdindu behar dira, Gazako herria babestu eta herritarren ongizatea bermatzeko hornikuntzak "berehala" helarazi.
Azkenik, adierazi zuen bakea lortu eta eskualdean egonkortasuna bermatzeko bide bakarra bi estatuak aitortzea dela, "Nazio Batuek adierazi bezala".
Enbaxadaren oharrak eragin zuen Espainiako Gobernuaren erreakzioa. Tel Avivek Madrilen duen bulegoak salatu zuenez, Exekutiboaren "kide jakin batzuk Hamasekin lerrokatu" ziren, "moralaren kontrako adierazpenak" eginda.
Israelen aburuz, "oso kezkagarria" da Hamasek 1.400 pertsona hil eta ia 200 bahitu dituen honetan, "Espainiako Gobernuko kide batzuek terrorismoarekin lerrokatzearen alde egitea".
Oharrak ez zuen zehaztu zein ministroren inguruan ari zen, baina aurrez Ione Belarra Podemoseko buruzagi eta Eskubide Sozialen jarduneko ministroak Netanyahu Nazioarteko Zigor Auzitegian salatzeko eskatu zion Sanchezi. Belarraren ustez, Espainiako presidenteak "gehiago egin dezake" Ekialde Hurbileko gatazkan EBren Batzordeko txandakoako Presidentetza Espainiak duela baliatuta. Hala, Israelgo presidenteak Palestinako herriaren kontrako "genozidioa" egiteagatik salatzea galdegin zuen.
Belarrak berak sare sozialen bitartez erantzun zion Israelgo Enbaxadari. Nabarmendu zuenez, "genozidioa" salatzea ez da Hamasekin lerrokatzea, "betebehar demokratiko bati erantzutea baizik".