Mundua -
Afganistan
Lurrikara gehiago izan dira Heraten, eta pertsona bat hil eta 120 zauritu dira gutxienez
MOEk jakinarazi du 6,5 graduko lurrikara bat izan dela, eta beste erreplika batzuk ondoren. Joan den astean, mila pertsona baino gehiago hil ziren inguru horretan lurrikaren ondorioz, Afganistango Hondamendiak Kudeatzeko Ministerioaren arabera.
Agentziak | EITB Media
Gutxienez pertsona bat hil eta 120 zauritu dira 6,5 graduko lurrikara baten ondorioz Afganistanen, Herat probintzian. Ondoren, 5,4 eta 4,4 gradu arteko lau erreplika izan dira, MOEk jakinarazi duenez. Afganistan mendebaldeko eremu horretan bertan, mila pertsona baino gehiago hil dira joan den astetik izan diren mugimendu sismikoen ondorioz.
"6,4 graduko lurrikara batek berriro jo du Herat probintzia, Afganistanen, gaur goizean. Orain arte, 120 zauritu baino gehiago ekarri dituzte Herateko ospitalera, eta beste asko hiriko beste ospitale batzuetara eraman dituzte", adierazi du MOEk X sare sozialean (Twitter ohia).
6,3 graduko hainbat lurrikara eta erreplikak astindu zuten joan den astean Afganistango eskualde hori, eta 20 herrixka inguru suntsituta geratu ziren.
Talibanen behin-behineko Gobernuak hasiera batean 2.400 hildako eta 2.000 zauritu baino gehiago kalkulatu bazituen ere, mila inguru dira hildakoak, Hondamendiak Kudeatzeko Ministerioak egin duen zenbaketaren arabera.
Talibanen Gobernuaren egitura ahulak eta agentzien antolaketa-ezak zaildu egin dituzte erreskateak eta laguntza humanitarioa banatzeko lanak. Herateko biztanle asko aire zabalean kanpatuta daude, erreplika gehiagoren beldur, eta ia ez dute ur eta elikagairik.