Mundua -
Paris
Louvre museoa, Versaillesko jauregia eta Parisko Lyon geltokia itxi dituzte, bonba mehatxu faltsuengatik
Barne ministroak iragarri du Hamasen aldeko "proselitismoa" egiten duen edo taldea finantzatzen duen elkarte oro desegingo dutela. Azken astean 65 pertsona atxilotu dituzte "antisemitismoagatik".
EITB MEDIA
Louvre museoa, Versaillesko jauregia eta Lyon geltokia itxi dituzte larunbat honetan, Parisen, segurtasun arrazoiak direla eta. Arratsaldean, Barne ministroak baieztatu du mehatxu faltsuak izan direla.
Museoa eguerdian itxi dute, eta jauregia, berriz, 16:00etan. Gainera, Parisko Lyon tren geltokia jendez hustu dute pakete susmagarri bat aurkitu ostean.
X sare sozialaren bidez eman du museoak erabaki horren berri, eta egun osoan izan dute itxita.
TF1/LC1 telebista-kateak polizia-iturriak aipatuta zabaldu duenez, "bonba-mehatxua" jaso dutelako hartu dute erabakia, baina "egiaztatu" behar dutela erantsi dute.
Louvre eguerdian hustu dute, eta 15.000 bisitari omen zeuden bertan ordu horretan. Museoak 09:00etan ireki ditu ateak, eta normaltasuna izan da nagusi goiz osoan.
Paristik 25 kilometrora dagoen Versaillesko jauregiak ez ditu gaur ateak irekiko, jendez hustu ostean, eta milaka izan dira bertatik atera dituzten turistak. Bonba-mehatxua webgune batean jarritako mezu baten bitartez iritsi da.
Frantziako agintariek alerta-maila igo dute, atzo Arrasko (Pas de Calais) institutu batean ikasle ohi batek irakasle bat sastakatuta hil eta beste bi pertsona larri zauritu ostean. "Atentatu terrorista" gisa ari dira ikertzen gertakaria.
Gobernuak gaur iragarri duenez, 7.000 militar zabalduko dituzte Frantzia osoan zehar astelehenera arte, "Sentinelle" operazioaren baitan, alerta-maila igo delako.
2012tik, Frantzian 272 pertsona hil eta 1.200 zauritu dituzte eraso jihadistetan, bereziki 2015ean eta 2016an.
Atxiloketak eta manifestatzeko debekua
Gerald Darmanin Frantziako Barne ministroak iragarri du Hamasen aldeko "proselitismoa" egiten duen edo taldea finantzatzen duen elkarte oro desegingo dutela, eta taldearen aldeko manifestazioak egiteko debekua baieztatu du.
Darmaninek prentsaurreko batean jakitera eman duenez, astebetean 65 pertsona atxilotu dituzte "antisemitismoagatik", horietako 23 atzerritarrak, eta Frantziako komunitate juduaren aurkako 189 ekintza erregistratu dituzte.
"Ez dut (Arrasko gertakarien inguruko) ikerketa aipatuko. Hala ere, giro jihadista nabari da. Irudi horiek, terrorismoaren apologia hori eta ekintza antisemitak egiteko asmo hori ikusten ditugu. Horrek guztiak errazago egiten du ekintzetara pasatzea", esan du Darmaninek.