Mundua -

Hamas-Israel gerra

Israelgo Armada Gazako Zerrenda osoari erasotzeko prestatzen ari da

Israelek herritarrei Gaza iparraldetik joateko eman dien ultimatuma amaitu ostean, Israelgo Defentsa Indarrek ziurtatu dute prestatzen ari direla lurretik, itsasotik eta airetik erasoaldi handi bat egiteko.

Israelgo tankeak, Gazan sartzeko prest. Argazkia: EFE
Israelgo tankeak, Gazan sartzeko prest.
Israelgo tankeak, Gazan sartzeko prest. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelgo Armadak iragarri du Gazako Zerrenda osoaren aurkako erasoaldi handi bat prestatzen ari dela, "lurretik, itsasotik eta airetik". Gazaren aurkako erasoak ez dira eten, eta Israelek herritarrei Gaza iparraldetik alde egiteko emandako ultimatuma amaitu egin da.

Mikel Ayestaran: ''Israel prest dago lurreko inbasioa martxan jartzeko''
Mikel Ayestaran: ''Israel prest dago lurreko inbasioa martxan jartzeko''
Mikel Ayestaran: ''Israel prest dago lurreko inbasioa martxan jartzeko''

01:18

Gainera, bi alerta aktibatu dituzte iparraldeko bi kibbutzetan: Arima, Israelen, eta Avnei Eitan, Golango gainetan (Israelek okupatutako Siriako lurraldea). Esan dutenez, Sirian dagoen "erasoaren jatorriari" eraso diote.

Bitartean, milaka gazatarrek iparraldetik hegoaldera ihesi jarraitzen dute, Israelek inguru horretako herritarrei bertatik joateko emandako epea agortu ostean ere. Euskal Herrian 15:00ak zirenean (16:00ak Gazan) agortu da denbora, baina oraingoz ez da zabaldu Israelek iragarritako operazio handiari ekin dionik. Nazioarteko ekimen asko dira martxan, beste hondamendi humanitario bat ez izateko denbora irabazteko.

Israelgo Armadak Gazatik ateratzeko bi korridore irekiko dituela iragarri die larunbat honetan Gazako iparraldeko eta erdialde-iparraldeko biztanleei. 10:00etatik 16:00etara (09:00etatik 15:00etara, Euskal Herrian) egon dira zabalik.

Israelgo Defentsa Indarretako hedabide arabiarren dibisioko buruak, Avichay Adraee koronelak, mezu hau argitaratu du X sarean duen kontuan: "Zuen segurtasuna eta zuen senideena inporta bazaizue, joan hegoalderantz, jarraibideen arabera".

Gainera, horren hitzetan, Saladinoko erdiguneko errepidea eta Daldul eta Al Sana kostaldeko etorbideak lotzen dituen bidea, Khan Yuniserantz (hegoaldeko herri nagusia) "inolako arriskurik gabe" egin ahal zuten zibilek. 

Hala ere, nahiz eta Israelek segurtasun bermeak iragarri, "Gaza hirian bonbardaketak ez dira gelditu", Gazako herritar batek EFEri esan dionez.

Wafa agentzia palestinarrak zabaldu duenaren arabera, ultimatuma amaitu baino pixka bat lehenago, Gazako iparraldeko Jabalia barrutiko eraikin baten aurkako aire-eraso batek 27 hildako eta 80 zauritu baino gehiago eragin ditu.

Israelek Gaza iparraldeko herritarrak (1,1 milioi pertsona, erdiak adingabeak) ebakuatzeko agindua eman zuen ostiralean. Bitartean, krisi humanitarioa areagotzen ari da Gazan, Israelen erabateko setioak janaria, ura, elektrizitatea eta beste produktu batzuk sartzea eragozten baitu. Botika eta osasun-material eskasia eragin du horrek ospitaleetan; zaurituak, ordea, etengabe iristen dira.

Laguntza humanitarioak Gazako ateak itxita ditu
Laguntza humanitarioak Gazako ateak itxita ditu
Laguntza humanitarioak Gazako ateak itxita ditu

01:18

Ospitaleak ebakuatzeko aukerarik gabe

Gazako Zerrendako hiru osasun-zentro handik, Al Awdako ospitaleak, Kamal Adwan haurrentzako zentroak eta, batez ere, inguruko handienetakoa den Al Quds ospitaleak, iragarri dute Israelek Gazako Zerrendako iparraldeko egoiliarrei emandako ebakuatzeko aginduari entzungor egin beste aukerarik ez dutela, ezinezko zaielako zaurituak lekuz aldatzea.

Al Quds ospitalean aritzen den Palestinako Ilargi Gorriak larunbat honetan argitaratutako ohar baten bidez jakinarazi duenez, ehunka zibil daude Gazako ospitale horretan babestuta, "oso larri dauden zauritu ugari" eta "inkubagailuetan dauden haurrak" tartean.

"Horregatik, Ilargi Gorriak ezin du ospitalea hustu, eta bere agindu humanitarioak zaurituak artatzera behartzen ditu langileak". Horrela, "geratzea erabaki duten egoiliarrei funtsezko tratamendua ematen jarraituko dute", ohartarazi du Ilargi Gorriak ohar batean.

Erakunde humanitarioaren arabera, Israelgo Armadak ospitaleko zuzendaritzari deitu dio berriro, Gazako Zerrendako biztanleentzako ultimatumean zehaztutako denbora agortu baino lehen (Euskal Herrian 15:00ak zirenean) bertatik ateratzea eskatzeko.

Bestalde, Ahmed Muhanna Al Awda ospitaleko arduradunak Wafa Palestinako albiste-agentzia ofizialari jakinarazi dionez, ospitaleko osasun langileak (35 mediku eta erizain) "hondamendi egoerako baldintzetan" ari dira lanean, "hildakoen eta zaurituen kopurua azkar igo delako".

Muhannaren hitzetan, langileek bertan geratzea eta pazienteei laguntza ematen jarraitzea erabaki dute, batez ere Jabaliako erietxe horretan egoera kritikoan daudenei laguntzeko.

Al Awda ospitalean lan egiten duen Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi duenez, "zibilen ebakuazioa zaila da oraindik", eta osasun-langileak eta bertan dauden pazienteak babestea da lehentasuna orain.

Palestinako Osasun Ministerioaren esanetan, urriaren 7tik 28 sendagile hil ditu Israelek Gazan egindako erasoetan.

Muga guztiak itxita

Gazako mugako sei pasabideak itxita daude, Rafahkoa (Gazako Zerrendaren hegoaldean dago, eta Egiptorekin muga egiten duen bakarra da) alde palestinarretik itxita geratu ondoren.

Gazatik irteteko muga guztiak itxita, palestinarrak irten ezinda daude
Gazatik irteteko muga guztiak itxita, palestinarrak irten ezinda daude
Gazatik irteteko muga guztiak itxita, palestinarrak irten ezinda daude

0:41

Munduko Osasun Erakundeak jakinarazi duenez, Egipto aldetik sar daiteke, baina Palestina aldetik itxita dago, eta horrek eragotzi egiten du laguntza humanitarioaren joan-etorria, bai Nazio Batuen Erakundeak Egiptora bidalitako hornidura medikoen kargamentua, baita laguntzera doazen pertsonena ere.

Rafakoaz gain, Gazak mugako beste bost pasabide ditu: Erez iparraldean, Nahal Oz eta Karni ipar-ekialdean, eta Sufa eta Kerem Shalom hegoaldean. Denak daude Israelekin mugan, eta denak daude itxita. 

Israelek Hamaseko buruzagi bat hil du

Israelgo Armadak Gaza bonbardatzen jarraitu du bart eta gaur goizaldean. Besteak beste, Hamaseko eliteko dozenaka milizianoren postu bati eta aireko operazioetarako kuartelari eraso die, eta larunbateko sarraldiaren arduradunetako bat hil omen du bertan, Merad Abu Merad komandantea.

Gaueko bonbardaketen burrunba Gazatik Israelera bidalitako koheteen alarmekin nahastu da. Israel tropak pilatzen ari da inguru osoan, une batetik bestera lurreko erasoaldi bati ekiteko. 

Gazako mugan indar-hedapen masiboa eginda, ''gerraren beste fase bati'' ekiteko prest da Israel
Gazako mugan indar-hedapen masiboa eginda, ''gerraren beste fase bati'' ekiteko prest da Israel
Gazako mugan indar-hedapen masiboa eginda, ''gerraren beste fase bati'' ekiteko prest da Israel

0:43

Hamasek Gazan bahituta dituen 130 petsonaren bila abiatu zuen Israelgo Armadak erasoa, eta gatibuen gorpuak aurkitu dituzte, Israelgo prentsaren arabera. 1.400 pertsona inguru hil eta 3.400 baino gehiago zauritu dira Israelen gerra hasi zenetik. 

Gerraren zortzigarren eguna hasi aurretik, 2.215 hildako eta 8.700 zauritu zenbatu dituzte Gazan Israelen aire-erasoen ondorioz. Gainera, suntsipena sekulakoa da bertan, etxebizitza-eraikin asko eta azpiegitura zibil asko erabat txikituta geratu baitira.

Ostiralean, 70 pertsona hil eta dozenaka zauritu zituen Israelgo Armadak, hegoaldera ebakuatzen ari ziren zibilak zeramatzaten hiru konboiren aurka egin zuen erasoan. Hildako eta zauritu gehienak emakumeak eta haurrak dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE Gazako albisteak Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Benjamin Netanyahu gaur Ekialde Hurbila gaur