Mundua -
ISRAEL-HAMAS GERRA
Gazako egoera humanitarioa gero eta zailagoa da Israelen balizko inbasioaren atarian
NBEren arabera, "ezinezkoa" da ultimatuma betetzea. Israelgo soldaduek lehen erasoaldiak egin dituzte Gazan, inbasioaren atarian.
AGENTZIAK | EITB Media
Israelgo Armadak jakinarazi du soldadu israeldarrek lehen erasoaldiak egin dituztela gaur Gazan, Hamasek larunbatean bahitutako pertsonen bila, une batetik bestera hasiko ei duen inbasioaren atarian.
Bien bitartean, Tel Avivek 24 orduko epea eman die Gazako iparraldeko biztanleei ingurua ebakuatzeko.
Israelek ultimatuma eman eta gero, milaka pertsonak etxea utzi dute, eta hegoalderantz abiatu dira.
Nazio Batuen Erakundearen arabera, Gazako Zerrendako populazioaren ia erdia mugitzea "ezinezkoa" da orain, eta "ondorio humanitario izugarriak" izan ditzake.
Israelen ultimatumaren ondorioz, Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Nazio Batuen Agentziak bere operazio zentro nagusia eta bertakoak ez diren langileak hegoaldera aldatu ditu giza laguntza ematen jarraitzeko.
Munduko Osasun Erakundeak adierazi duenez, "ezinezkoa" da Gaza iparraldeko ospitaleak ebakuatzea, batetik, lekualdatzeko prozesuan asko hil egingo liratekeelako, eta, bestetik, hegoaldeko ospitaleek ez dutelako tokirik gaixo gehiago hartzeko. Aurrez, Munduko Osasun Erakundeak esan du erregaia eta botikak behar direla hondamendi humanitarioa saihesteko.
Bien bitartean, Gaza argindarrik gabe gelditu ostean, elikagaiak eskuratzea gero eta zailagoa da eta oinarrizko zerbitzuak kolapsatzeko zorian daude.
Gazako Osasun Ministerioak emandako azken datuen arabera, 1.537 pertsona hil (500 haur eta 276 emakume tartean) eta 6.268 zauritu dituzte.