Mundua -
Israel-Hamas gerra
Macronen arabera, Israelek "bere burua defendatzeko eskubidea du", betiere "zibilak babesten baditu"
Frantziako presidenteak bi estatuen konponbidearen alde egin du, bakerako "ezinbesteko" bermea delakoan.
Agentziak | EITB Media
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak adierazi duenez, Israelek "bere burua defendatzeko eskubidea du" Hamasen "basakeriatik", "ekintza espezifikoekin", betiere "zibilak babesten baditu".
Macronek bi estatuen konponbidea defendatu du, Ekialde Hurbilean bakea lortzeko "ezinbesteko" bermea baita. Zentzu horretan, argi utzi du "terrorismoaren aurkako borrokak" ezin duela asmo hori ordezkatu.
"Frantziak gogor gaitzesten ditu ekintza lazgarri horiek", baieztatu du, eta gaineratu du ezin dela onartu kausa palestinarra terrorismoaren justifikazioarekin nahastea.
Halaber, egungo egoerak Frantzian "antisemitismoa" areagotzeko arriskua dagoela ohartarazi du, eta frantziarrei "gure askatasun eta laikotasun balioen defentsan bat egitea" eskatu die.
Frantziako Gobernuak debekatu egin ditu herri palestinarraren aldeko manifestazioak lurralde osoan, ordena publikoari mehatxu egiten diotela argudiatuta.
Macronek adierazi duenez, 13 frantziar hil ditu Hamasek erasoetan, eta beste 17 desagertuta daude. "2016an Nizako erasoa gertatu zenetik, terroristek ez dituzte hainbeste frantziar hil", gaineratu du.