Mundua -
Elkarrizketa, Radio Euskadin
Israelen Espainiako enbaxada: "Helburua Hamas neutralizatzea da, baina zibilak erabiltzen ditu ezkutu gisa"
Israelek Espainian duen enbaxadako bozeramaile Tal Itzhacovek esan du "aukera ezberdinak aztertzen" ari direla lurretik erasoa abiatzeko, eta bonbardaketak "oso ekintza zehatzak eta ongi landuak" izan behar direla. Itzhacovek dio ez dutela "eskualdean gerrarik" nahi.
E. G. | EITB Media
Israelek Espainian duen enbaxadako bozeramaile Tal Itzhacovek ziurtatu duenez, Israelgo Gobernuaren "helburua" Hamasek Gazako Zerrendan duen "azpiegitura terrorista neutralizatzea" da, baina "badakigu zibilak ezkutu gisa erabiltzen ari dela". Ildo horretan, lurrez eraso bat abiatu aurretik "aukera ezberdinak aztertzen" ari direla adierazi du, eta badakitela Zerrendaren gaineko bonbardaketek "oso ekintza zehatzak eta ongi landuak" izan behar dutela, talde islamistak Israelen hartu dituen bahituei eragin diezaieketelako.
Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan egindako elkarrizketa batean, Itzhacovek azpimarratu du Israelek ez duela "eskualdean gerra" nahi eta "eremuaren egonkortasuna" mantentzeko lan egingo duela. "Luzea izango da, agertoki guztietarako prest gaude, baina gure asmoa ez da gatazka areagotzea", gaineratu du.
Itzhacovek jakinarazi du 1.200 hildako, 3.000 zauritu eta dozenaka bahitu daudela Israelen aldean, eta Hamasek egindako "sarraskia eta gerra krimen izugarriak" salatu ditu. Bere ustez, Hamasek "Estatu Islamikoaren gero eta antza handiagoa du".