Mundua -
Ekialde Hurbila
Israelek argindar, elikagai eta erregai horniketa eten du Gazan
Milatik gora hildako eragin dituzte Hamasen erasoek eta Israelen kontraerasoek. Egoerarekin kezkatuta, hainbat airelineak bertan behera utzi dituzte Tel Aviverako hegaldiak. Bestalde, larrialdi gobernu bat eratzearen alde agertu dira Israeleko hainbat ministro.
Agentziak | EITB Media
Israelgo Defentsa ministro Yoav Gallantek agindu du Gazako Zerrenda guztiz blokeatzea. Horrek esan nahi du argindar, elikagai eta erregai gabe utziko dituztela palestinarrak, gerra egoera betean.
"Agindua eman dut: Gaza erabat zerratuta egongo da. Terrorista ankerren aurka ari gara borrokan, eta datorren bestean erantzungo dugu", adierazi du ministroak, bere bulegotik igorri duten ohar batean jasota dagoenez. "Ez dute argindarrik, elikagairik eta erregairik edukiko", azpimarratu du Gallantek.
2007az geroztik, Hamasek kontrola bereganatu zuenetik, airez, lurrez eta itsasoz blokeatu zuen Israelek Gazako Zerrenda, non 2,2 milioi biztanle bizi diren. Han, zentral nuklear bakarra dago, eta erregaia behar-beharrezko dute ospitaleak, etxebizitzak eta aterpeak hornitzeko.
Ezustean harrapatu zuen larunbatean Israel Hamasen aurrekaririk gabeko erasoaldiak. Erantzuna, ordea, beherala iritsi zen, harrezkero bonbardaketek ez baitute etenik izan Zerrendan.
500 helburu palestinar bonbardatu dituzte
Israelgo armadak bortizki bonbardatu ditu gauean 500 helburu palestinar, Gazan. Bitartean, zazpi hiritan borrokan jarraitzen dute, Hamaseko milizianoak ez direlako oraindik handik atera.
Israel barruan, "zazpi edo zortzi" gunetan daude gotortuta Palestinako milizianoak. Gainera, hainbat familia bahitu dituzte.
Armadak, bestalde, ziurtatu du ehunka "terrorista" hil dituela Gazako mugatik gertu dauden zenbait hiritan; Hamasek, berriz, ehun bat israeldar ditu bahituta Zerrenda barruan.
Bi egun igaro dira gerra piztu zenetik, eta dagoeneko 900 pertsona hil eta 2.200 zauritu dituzte Israelen. Dena den, soldadu israeldarrek Hamasek hartutako guneen kontrola berenganatzen duten heinean, litekeena da hildako kopurua haztea.
Kontraerasoan hildako pertsonen kopuruak ere nabarmen egin du gora. Israelen erantzunak, gutxienez, 687 hildako eta 2.300 zauritu eragin ditu Gazan.
Tel Aviverako hegaldiak bertan behera
Ben Guriongo aireportuari eraso egin diola ohartarazi du Hamasek, nahiz eta israeldar agintariek ez duten oraingoz horren inguruko informaziorik zabaldu. Ustezko erasoaldi horri erantzunez, hainbat airelineak bertan behera utzi dituzte Tel Aviverako hegaldiak.
Larrialdi gobernua Israelen
Ofentsibaren aurrean, Israelgo hainbat ministrok larrialdi gobernua eskatu dute. Bezalel Smotrich Finantza ministro ultraeskuindarrak, adibidez, onartu du "batasuna eta lotura" eskatzen dituela egungo agertokiak, "etsaiak suntsitu ahal izateko". "Albo batera utzi behar ditugu taldeak eta negoziazioak", erantsi du, Haaretz egunkariak aurreratu duenez.
Israel eta Hamas ez dira erantzukizun legalak betetzen ari
Israel eta Gazako zerrendan gobernatzen duen Hamas mugimendua ez da beren betebehar legalak betetzen ari, Human Rights Watch (HRW) erakundearen arabera. "Enklabe palestinarrean, larunbatean, israeldar agintariek iragarritako argindar mozketak nahiz Gazako herritarren aurka ezarritako bestelako neurriak legez kontrako zigor kolektiboa dira, alegia, gerrako krimenak, baita itxuraz zibilen kontra Israelen berariaz egindako erasoak eta zibilen bahiketak ere", salatu du.
Brent upelaren prezioa % 5etik gora garestitu da
Brent upelaren prezioa % 5etik gora garestitu da gaur, astelehenarekin, Londresko merkatuan, Ekialde Hurbileko gatazkak petrolio horniketan izan dezakeen eraginaren beldur baitira inbertitzaileak.